Almandozko Mendiola auzoak zuzeneko lotune berria izanen du N-121-A errepidearekin. Lotune berria, sarrera eta irteerarekin, Almandozko etorkizuneko tunelaren hegoaldeko ahoan eginen dute.
Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesioko Departamentuaren bidez, eta Baztango Udalak bat egin dute aukeratutako konponbidearen xehetasunei ekiteko. Zenbait aukera aztertu ondotik, talde teknikoek ondorioztatu dute Almandozko hegoaldeko ahoko lotura dela aukerarik onena ikuspuntu tekniko, ingurumeneko eta ekonomikotik, eta bideko segurtasuna bermatzen duela.
Lurralde Kohesioko Departamentuak Baztango Udalak eta Almandozko herriak Belateko eta Almandozko tunelak bikoizteko proiektuari aurkeztutako alegazioei erantzun die gisa honetara. Sinadura bilketa ere egin zuten Almandozko bizilagunek.
Tunelen bikoizketa
Nafarroako Gobernuak 2019ko urrian erabaki zuen Almandozko eta Belateko tunelen bikoizketari ekitea. Aurreikusitako egutegiaren arabera, lanak 2022. urtean hasiko dituzte eta 2024 akabailan edo 2025 urte hasieran akitzea espero dute. Gisa horretara, Nafarroako tunel guztiak Europako araudira egokituak egonen lirateke.