Zehazki, proiektuaren helburua da hautatutako bizitegi parkearen energia berroneratzeko proiektuen dinamizazio eta laguntza lanak egin ahal izatea. Horrela, hitzarmenarekin, alde batetik jarduera koordinatuak abiaraziko dituzte, helburu hauetarako: bizitegi eraikinen birgaitze energetikoa, instalazio termikoak hobetzea, eraginkortasun handiko instalazio alternatiboak sustatuz, eraikinetan energia berriztagarriak gehitzea eta erabilera publikoko espazioa hobetzea eta egokitzea. Bertze aldetik aipatu helburuak erdiesteko Nasuvinsaren eta Baztango Udalaren betebeharrak finkatu dituzte.
Hiru urtez, astean hamaika orduz Nasuvinsako teknikaria ariko da lanean
Modu horretan Nasuvinsak hiru urteko epealdian astean 11 orduz teknikari bat bideratuko du Baztanerat zerbitzu hauetarako: energía berroneratzeko proposamenak zehazteko laguntza hautatutako eremuetan; prozesuak abian paratzeko hasierako dokumentazio teknikoa egitea, talde tekniko esleipendunei jarraipena egitea eta laguntza ematea, jabeen erkidegoei eta udalari laguntza ematea esku-hartze orokorreko proiektuak garatzen eta onartzen laguntzeko, aurreproiektuak zehaztu ondoren jabeen erkidegoendako laguntza lanak egitea birgaitze-laneko akordioak lortzeari begira, egikaritzeko proiektuak idazteko prozesuan laguntzea; instalazioak hobetzeko eta energia berriztagarriak gehitzeko laguntza, energia fotovoltaikoa eta biomasa azpimarratuta… Nasuvinsako teknikariaren kostua finantzatzeko 4.140 euroko ekarpena eginen du udalak.
Aldi berean, proiektuaren hasierako fasean esku hartze orokorreko bi proiektu egitea baloratuko du udalak Elizondoko Giltxaurdi alderdian bat eta Abartan karrika inguruetan bertzea.