Arizkungo Ordoki industrialdea eta Erratzu lotzen dituen NA-2600 errepidea hobetzeko eta egokitzeko lanak akitu dituzte Baztanen. Nafarroako Gobernuaren Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Herri-Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 211.000 euro inbertitu ditu lan horietan. Horri esker, errepidearen zati bat zabaldu da, bide-segurtasuna hobetzeko.
Bernardo Ciriza Lurralde Kohesiorako kontseilariak eta Joseba Otondo Baztango alkateak, Pedro López Herri-Lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiak eta Florentino Goñi Baztango Udaleko Herri- Lanen zinegotziak lagunduta, Ordokiko birdegurutzearen eta Erratzu herriaren artean egin diren lanen bukaera bisitatu dute.
2,8 luzera eta 5 metro inguruko banaz bertzeko zabalera duen zati horrek, ez zuen arekarik ezta bazterbiderik ere, eta zati aunitzetan galtzadaren zabalerak ez zuen bi ibilgailu aldi berean pasatzen uzten. Gainera, azken urteotan, Ordokiko industrialdean enpresa-jarduera ugaritu egin denez eta Xorroxingo ur-jauzia bisitatzen duten turisten kopurua handitu denez, trafikoak nabarmen egin du goiti inguru horretan, eta egunean 1.745 ibilgailu pasatzen dira; horietatik % 2,69 ibilgailu astunak.
Lanen bidez, ezkerraldean galtzadako plataforma zabaldu da eta 90 zentimetroko zabalera duen hormigoizko areka edo bide-bazter zapalgarri bat egin dute. Eskuineko ertzean berriz, metro inguruko banaz bertzeko zabalera duen bazterbide zapalgarri bat egin da. Argazkian ageri denez, bazterbide hauek ez dute koxka handirik eta seguruagoak dira ibilgailuendako
Malda mugatuko tarteetan jariatze-urak behar bezala hustea zaila denez, zeharkako bi drainatze-obra berri ere egin dira, ur horiek behar bezala bideratzeko.
Lanak akitzeko, eta hala behar zuten zatietan, bide-marrak berriz margotu dituzte, plataforma berrira egokitzeko seinaleztapen bertikala aldatu eta segurtasun-hesi metaliko berri bat jarri da.