Baztango Navarra Suma udal taldeak salatu duenez, EH Bildu eta Baztango Ezkerra buru dituen udal gobernu taldeak egin duen kudeaketak, eta bereziki bere erantzukizunen uzteak, egoera kritiko batera eraman dute Loizuko hiltegia. Era berean, gobernu taldearen gardentasun eza gaitzetsi du.
Navarra Sumak adierazi duenez, «azken asteetan, hiltegiaren kudeaketaren esleipen berria egin dute, kezka eragin diguten baldintza batzuetan, azpiegituraren eta materialaren egoera ikusita».
Navarra Sumako udal taldeak hiltegiaren inbentarioari buruzko informazioa eskatu du kudeaketaren azken hiru esleipenetan. «Inbentarioa 2011ko kudeaketa-kontratuaren parte zen, baina ez 2016. urtekoa. Epe horretatik aitzinera, irregulartasunak gertatu dira, eta Bildu eta Ezkerrak ezkutatu eta ez diete kasurik egin», azaldu du. Eta gaineratu duenez, «hainbat informazio-eskaera erregistratu ditugu, eta oraindik erantzunaren zain gaude. Horietako batzuek, hain zuzen, inbentariatutako ekipamenduaren kontrolarekin dute zerikusia».
Era berean, Navarra Sumak instalazioa bera bisitatzeko eskaria egin du, «2021ari dagokion inbentarioan antzemandako desorekak egiaztatzeko, kontrol faltaren zantzuak aurkitu baitituzte». Bere erranetan, udal gobernuak ez dio kasu egin «nahita, noski», Hiltegiaren kudeaketaz arduratzen diren udal arduradunekin ere bilera bat egiteko eskatu dute, «baina ez dugu erantzunik jaso».
Gogoratu behar da Navarra Suma eta Geroa Bai udal taldeek mozio bateratua aurkeztu zutela martxoko osoko bilkuran, eta onartu egin zela. Mozio horretan, txosten eskaera batzuk jaso zituzten, inbentarioa, fakturen kontrola eta albaitariek Udalari jakinarazitako hutsegiteak eta gorabeherak kontrolatu beharrari buruzkoak. «Eskaera horietako batzuei oraindik ez zaie erantzun, eta bitartean, Udala lanerako materiala eta ekipamendua erosten hasi da esleipendun berriek jarduerari ekin diezaioten, lehen zegoen materialarekin zer egin den azaldu gabe.