Lekarozko Campusean landa eremuaren ikerketa eta berrikuntzari lotutako gune egonkorra sortzeko nahia du Baztango udala eta, horretarako, Nafarroako Gobernuaren enpresa politika, nazioarteko proiekzioaren eta lanaren zuzendaritzaren babesa du. Proiektua idatzi eta Europako laguntzetara aurkezteko 14.500 euroko aurrekontu moldaketa onartu du udalak, BEZa kanpo, ortzegunean egindako ohiko osoko bilkuran, EH Bilduren, Ezkerraren eta Geroa Bairen aldeko 8 botoekin eta Navarra Sumaren kontrako 3ekin. Gobernuak erdia diruz lagunduko du.
Baztango Udalak landa-inguruneari buruz gogoeta jarraitua bultzatu nahi izan du azkeneko urteetan eta hori egindako mintegi, udako eskola eta topaketetan gauzatu da. Horren emaitza aipagarrienetakoa ibilbide horrek utzi duen harreman-sare joria izan da: EHU, NUP, AgroParisTech, Eusko Ikaskuntza, Aranzadi zientzia elkartea, Uharteko Arte Garaikide Zentroa, INTIA, Euskal Herriko Laborantza Ganbara…
Aipatutako ekimen horien ondorioz landa eremuaren ikerketa eta berrikuntzari lotutako gunea sortzeko aukera ikusi du Baztango Udalak, diziplina arteko izaera izanen duena: elikadura sistemak, demografia, kultura, paisaia, biodibertsitatea, hirigintza eta arkitektura…
Orain artio hainbat erakunde eta eragilerekin proiektuari buruz solastatu da; horren ondorioz mugaz gaindiko edo/eta Europako laguntza deialdietara aurkeztea beharrezkoa ikusi da eta horretarako proposamen teknikoak landu ahal izateko aholkularitza kontratatzea; aurrekontu moldaketa horretarako da.
Udazkenean mugaz gaindiko mintegia antolatu nahi dute Lekarozen
Modu horretan aholkularitzak udazkenean Lekarozko campusean eginen den mugaz gaindiko mintegiaren antolakuntzan lagunduko du egitarauaren garapenean, parte hartzaileen identifikazioan eta kontaktuan eta jardunaldian bertan parte hartuz.
Mintegia Baztango Udalak, Nafarroako Gobernuaren enpresa politika, nazioarteko proiekzioaren eta lanaren zuzendaritzak eta EHUko ikerlari talde batek bultzatzen dute.
Kontratatuko den aholkularitzak aipatu hiru erakundeekin gunean parte hartzeko interesa edukitzen ahal duten erakundeak identifikatu ditu eta beraiekin harremanetan paratuko da. Eta azkenik, proiektuaren fitxa idatzi beharko du. Horrekin Euroeskualdeko eta Poctefa deialdietara aurkezten ahalko da.