Eraikin publikoen autokontsumo energetikorako eguzki-panelak paratu ditu Baztango Udalak Elizondoko eskola publikoaren teilatuan. 90 modulu paratu dituzte guztira, urtero 37.66 kWh ekoiztu ahal izango dituztenak. Inbertsioa 40.801,81 eurokoa izan da eta bortz urtetan amortizatzea aurreikusi dute.
Elkarbanaturiko autokontsumo ereduko sistema da, hau da, plakek sortutako elektrizitatea udalerriko sare-orokorrean sartuko da bertze eraikin publikoak ere kontsumitu dezaten. Elizondoko eskolan, liburutegian eta Ballejo Etxean erabiliko dute elektrizitate hau. Kontsumitzen ez den energia sare-orokorrera igorriko da merkatuko prezioan. Sorkuntza fotovoltaikorako plakek, inbertsore fotovoltaikoek eta urrundik monitorizatzeko gailuek osatzen dute sistema.
Burujabetza energetikorako pausua eman nahi du udalak proiektu honekin, «negutegi efektuko gas gutiago isurtzen duten elektrizitate ekoizpen sistemak bultzatuz, berriztagarriak direnak, merkeagoak eta ekoizpena eta kontsumoa orekatu dezaketenak».