Taldekako ‘NERF’ txapelketa antolatu dute Elizondon

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 24a, 14:00

Abuztuaren 25ean taldekako ‘NERF’ txapelketa izanen da Elizondoko Merkatu plazan. Elizondoko gaztetxoek antolatu dute txapelketa herriko etxearen laguntzarekin. 17:00etan izanen da txapelketa, baina parte hartu nahi dutenek 16:30ean azaldu beharko dute izen ematea egiteko.

‘NERF’ pistolak gomazko dardo modukoak jaurtitzen dituzte eta txapelketak antolatzea ohikoa izaten da. Elizondoko gazteen artean arrakasta dute pistola moduko hauek eta eurek antolatu, proposatu eta prestatu dute guztia.

Lauko taldeak eginen dituzte eta elkarren aurka ari beharko dute. Parte hartzaile guztientzat sariak izanen dira eta eskualde guztiko zaletuei luzatu nahi diete parte hartzeko gonbita. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun