Plataformak adierazi duenez, «bileran herritarren ordezkariek egindako galderak saihestu zituzten eta nabarmen gelditu zen ez dutela inongo asmorik herritarren hitza errespetatzeko». Gainera, «berresten duten prozesu parte hartzailea iruzurra bertzerik ez dela» salatu dute.
Magnak Zubirin dauden 240 lanpostuak defenditzen dutela dio, baina «badakigu multinazional hauen interesa kapitala pilatzea bertzerik ez dela. Sostengarriak ez diren lanpostuak mantentzearen truke, mendez mende eta etorkizunean gure bizimodua ahalbidetzeko beharrezkoak diren lanpostuak desagerraraziko lituzke».
Honez gain, bizi dugun larrialdi klimatikoan Magnesitasen erantzukizuna azpimarratu nahi izan dute, «Nafarroan gehien kutsatzen duten enpresen artean egonda». Nafarroako etorkizunean «horrelako enpresen jarduera mantentzeak zentzurik ez duela» adierazi dute eta Nafarroako Gobernuari eskatu diote «jarduera horien ordezkatzeko politikak bideratzea lanpostuak mantentzen dituzten bitartean. Ezin da onartu aldaketa klimatikoaren kontra dagoela erratea eta horrelako proiektu suntsitzaileak babestea».
Erdizko proiektua gelditzen ez badute, «gure esku dauden bide guztiak erabiliko ditugu gure lurra defenditzeko». Herritarrei erne egoteko eskatu diete, «heldu diren hilabetetan eginen diren deialdietan parte hartzeko».