Aurten ez dute Amaiurko bestarik ospatu, baina hainbat ekimen prestatu dituzte seinalea egiteko; 'Nafarroa 1521-2021' txistularien kontzertua izan zuten ortziralean, artisauen azoka eta Baztan Kantuz ekimena igande goizean eta egitaraua ixteko, artzain zakurren txapelketa arratsaldean.
Segurtasun distantziak mantenduta eta neurri guztiak hartuta, jendetza bildu zuen txapelketak eta 11 artzain eta zakurrek parte hartu zuten bertan. Juan Miura Heletako artzaina, Elizondoko Urruska bordan sortua, izan da irabazlea bertze behin Luk zakurrarekin, 345 puntu lortuta. Hazparneko Gilles Etxegoien eta Gaua izan dira bigarrenak, 3 probetan 308 puntu lortu dituztenak. Iholdiko Michele Axeritogaraik, lehiaketako emakume bakarrak, hirugarren postua lortu du Izar zakurrarekin.
Sari banaketan Joxe Mari Istilart Bordaxuri omendu zuten, txapelketan parte-hartzailea izan ohi zen artzain amaiurtarra.