Elizondoko Osasun Etxeko langileok gure lan egoeraren berri eman nahi dugu.
Langile falta dela eta, egoera etsigarrian gaude.
Momentu honetan ordezkatu gabe ditugu hiru mediku postu eta urtebete baino gehiago bada pediatra postu erdia ere bete gabe dugula. Azkenaldian erizain eta administrariak ordezkapenik gabe geratu izan dira. Honek guztiak herritarrei eskainitako arreta egunetik egunera okertzea eragin du, abiadura larri eta kezkagarrian.
COVID gaitzak protagonismoa hartu du gure egunerokoan: diagnostiko azkarrerako testak egitea, PCRak, telefono bidezko jarraipena, aurrez aurrekoa beharrezkoa denean, kasu eta kontaktuen zalantzak argitu eta hitzorduak kudeatzea, txertaketa kanpaina… Mediku eta erizainen agendak aurrez bete-beteak zeuden eta orain gainezka egin dute. Saturazio honek nahi eta nahiez eragiten die bestelako arazoengatik arreta behar duten pazienteei, larrialdiak kenduta. COVID-az gain bestelako arazoak dituzten pertsonak artatu behar eta nahi ditugu: gaitz kronikoak dituztenak, minbizia dutenak, osasun arazoak dituztenak, probaren bat egin behar dutenak… osasun arreta behar duten guztiak, gaitzaren larritasuna edozein izanik ere.
Urteak badira medikuak ordezkatzeko arazoekin gabiltzala. Erantzun ofizialarekin ohituta eta aspertuta gaude dagoeneko: “Ez dago medikurik”. Erantzun horrekin iduri du mediku falta aurreikusi ezinezko eta soluziorik gabeko arazoa dela! Egoera horretara zoriz iritsi izan bagina bezala, inork hori gertatuko zela jakin gabe! Bistan da erantzun hau ez dugula sinisten, ez baita posible administrazioko arduradunak azken hamarkadetako egoera honen jakitun ez izatea (medikuen jubilazioak eta etengabeko migrazioak beste komunitate edo herrialdeetara).
Epe luzerako aurreikuspenik ez dago.
Orain arte medikuekin genuen arazoa badirudi hemendik aurrera erizain eta administrarien ordezkapenekin izanen dugula.
Uda honetarako ez dugu oinarrizko eta ezinbesteko langile kopurua ere! Gutxienekoaren azpitik gaude. Plantilla gainezka eginda eta zigortua dago, eta hala ere egunerokoan malabareak egiten jarraitzen dugu pazienteen arreta bermatzeko.
Akituta gaude, leher eginda. Ahal duguna eta behar genukeena baino askoz gehiago gure gain hartuta.
Ez dugu uste soluzio egokia denik herritarrei eskatzea SOILIK kasu akutuetan, urgentzietan edo deskonpentsazioak dituztenean etortzea osasun etxera. HAU EZ DA SOLUZIOA eta guri inpotentzia, ezinegona, frustrazioa eta haserrea eragiten dizkigu.
Noraezean gabiltza. Osasunbidea kudeatzen eta zuzentzen duten aunitzek abandonatu gaituztela sentitzen dugu, isiltasuna baita orain arte jaso dugun erantzuna.
Noiz arte egin beharko dugu lan erritmo eta baldintza hauetan?
Noiz proposatuko dizkigute soluzioak Osasunbideko arduradunek?
Noiz indartuko dute herrietako arreta?
Begirada urrutira zuzenduko duten politikari, planifikatzaile eta administratzaileak behar ditugu sistema publikoan. Etorkizuneko pandemiak aurreikusi eta neurriak garaiz hartzeko gai izanen direnak; COVID baino hilkortasun handiagoa izaten ahal dutenei aurre egiteko gai izateko antolakuntza egokia proposatuko dutenak.
Azkenik barkamena eskatu nahi diegu egoera hau dela-eta behar bezala artatuak sentitu ez diren herritar guztiei.