EH Bilduren Baztango udal taldearendako «arrunt kezkagarria da» herri-galdeketaren emaitza saihesteko Magnak agertutako jarrera. Erdizeko meategia Baztango ekonomian «garrantzia handia» duen herri-bazkalekuetan egin nahi dutela eta Europako Natura 2000 Sarearen barnean dagoen «Kontserbazio Bereziko Eremua» dela gogorarazi nahi dute eta «Erdiz baztandar guztien ondarea» dela.
Baztango EH Bilduk «herri-galdeketaren alde» egiten duela azpimarratu du eta eztabaida garden baten ondotik «erabakia herritarren gain uztea» eskatu du, Batzar Nagusiak apirilean hartutako erabakiarekin bat eginez.
Magna «agintekeria eta inposizioaren alde» egiten ari dela salatu dute, «herri-galdeketan oinarritutako bide-orri demokratikoari uko eginez». Baztango EH Bilduk erran du hori ez dela «inondik ere onartzen ahal» eta Magnak herri-galdeketaren emaitza errespetatuko duen «argi eta garbi» erran behar duela.