IRURITAKO GURASO ELKARTEA

«Tailerrak beharrezkoak dira haurren garapen psikosozialerako»

Ttipi-Ttapa 2021eko abuztuaren 7a

Iruritako Eskola zaharrean elkartu ohi ziren herrietako haurrak asteazkenetan.

Iruritako Guraso Elkartea, Baztango Eskola Ttikiak

Duela 25 urte hasi zen Baztango Eskola Ttikien koordinatzailea tailerrak antolatzen, herrietako haurrek haien adineko jendea ezagut zezaten. Orain, Covid-19a dela eta, hainbat ikastetxetako ikasleak nahasten dituen jarduerak debekatu ditu gobernuak.

12 ikastetxek osatzen dute Baztango Eskola Ttikien elkartea: Almandozek, Amaiurrek, Arizkunek, Arraiozek, Azpilkuetak, Erratzuk, Gartzainek, Iruritak, Lekarozek, Oronoz-Mugairik, Urdazubi-Zugarramurdik eta Zigak. Azken 25 urteetan, asteazkenero elkartu izan dira Berako ikasleak. Hasieran Elizondon egiten zituzten tailerrak, baina Iruritan eskola berria eraiki zutenetik, Iruritako eskola zaharrean elkartu izan dira ikasleak. Bertan, Musika, Gorputz Heziketa eta Ingelesa ikasteaz gain, adin bereko haurrak ezagutzen dituzte eta harremantzeko gaitasunak garatzen dituzte.

Nolako eragina izan du Covid-19ak azkeneko bi kurtsoetan?

Iazko ikasturte bukaeran, denak etxetik ikastera behartuak izan zirenean, arras gogorra izan zen eta bakoitzak ahal zuen moduan egin zion aurre. Aurtengo kurtsoan, Hezkuntza eta Osasun  Departamentuak ezarritako neurriekin, gela bakoitza talde egonkortzat hartu dute, eta ezin izan dute gainerako ikasleekin harremanik izan, ez eskola barnean ezta patioan ere. Kontuan hartuta eskola ttikien ikasle kopurua murritza dela, bertzeekin jolasteko, elkarlanean aritzeko eta denek denekin ikasteko aukera galdu dute.

Zenbat ikaslek parte hartzen dute asteazkenetako tailerretan?

Eskola ttikietako 4., 5. eta 6. mailako ikasle guztiak elkartzen dira, Urdazubi eta Zugarramurdikoak izan ezik. 90-100 haur inguru dira guztira.

Zergatik dira hain garrantzitsuak saio hauek ikasleendako?

9-12 urte bitarteko haurrak izanik, berebiziko garrantzia daukate tailerrek gure seme- alaben garapen psikosozialerako, Baztango errealitate geografiko eta demografikoa kontuan hartuta. Izan ere, eskola ttikietan maila bakoitzean ikasle bakarra dago maiz. Iruritako saioak dira haien adineko jendea ezagutzeko bidea, euren behar psikologiko, sozial eta emozionalak aseko dituzten harremanak eraikitzeko abiapuntua. Institutura joatean bertan izanen dituzten ikaskideak aldez aurretik ezagutzeko eta haien adineko lagunak egiteko ere baliagarriak dira.

Hezkuntza Departamentuak tailerrak bertan behera uztea erabaki du. Zergatik?

Baztango guraso elkarteetatik hainbat eskutitz bidali ditugu tailerren garrantzia aipatuz eta erabakia hain agudo ez hartzeko eskatuz. Hezkuntza Departamentutik eskutitz hauetako batzuk erantzun dizkigute, eta erantzuna berdina da beti: ´ez da eskola desberdinetako haurrak nahasten dituen jarduerarik eginen.

Neurriak hartuta, tailerrak arriskutsuak dira?

Ez. Iruritako eskola zaharrean eta frontoian espazio nahiko  dago adin bakoitzeko ikasleak hartzeko, beraz, ez lirateke hainbat adinetako ikasleak nahastuko. Gainera, akitu den ikasturte honek erakutsi digu gure seme-alabek arras ongi onartu eta errespetatu dituztela ezarritako protokolo guztiak, eta honi esker, eskola barnean ez da kutsadurarik egon. Bertzalde, eskolaz kanpoko jarduerak eta udalekuak egitea baimenduta dago eta hauetan bai, hainbat herri eta adinetako haurrak nahasten dira… Orduan, zergatik asteazkenetako saioetan ez?

Ikasleek zer diote egoerari buruz?

Tailerretan aldez aurretik parte hartzen zuten haurrek akitu dugun ikasturtean ez zirela eginen jakin zutenean, izugarrizko dezepzioa hartu zuten.

Zein irtenbide bilatzen ari zarete?

Komunikabideen bitartez gure kezka helarazi nahi dugu, jendeak jakin dezan tailerrak gure seme-alabendako zein onuragarriak eta garrantzitsuak diren. Hezkuntza Departamentuak hartutako erabakiarekin ados ez gaudela jakitea nahi dugu, eta ikasturte hasieran egonen den osasun egoera kontuan hartuz, gaia birplanteatzea eskatu nahi diogu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun