Asier LIZARTZA ESPARTZA

«Nire hurrengo etapa futbolaz bertze modu batera gozatzea da»

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 1a, 11:00

Asier LIZARTZA ESPARTZA, Arizkungo gaztea.

Ttiki-ttikitatik izan da futbolzalea Asier Lizartza Espartza (Arizkun, 1989), «haurretan aitarekin Baztan ikustera joaten ginen, eta orduan Arizkungo jokalari on batzuk ari ziren; Garbalena, Etxeberria… idoloak ziren».

Herrian, lagunekin, kirol aunitzetara jostatzen ziren, «baina gehienbat futbolean». Gaztetan hasi zen Baztan Kirol Elkartean jokatzen, eta 20 urtez defendatu ditu bere kolore eta taldea. Goitibeheiti aunitz bizi izan ditu taldeak, hainbat garaipen goxo eta momentu garratz, haien artean berriki maila autonomikora izandako jaitsiera. Baina aitzinera egin dute beti. Gaur egun, Elizondon bizi da Lizartza, aita izan da berriki eta etenaldia egitea erabaki du: «Nire hurrengo etapa futbolaz bertze modu batera gozatzea da».

Bi hamarkada baloiari ostikoka

20 urte aunitz dira, «baina ti-tau pasatu zaizkit». Lagun aunitz egin ditu Asier Lizartzak futbolarekin, eta horrekin batera «hainbat irakaspen eta balore garatzea lortu dut; konpromisoa, errespetua, esfortzua, kolore eta talde batekiko maitasuna…». Denbora tarte horretan zenbait aldaketa izan ditu klubak, horietatik garrantzitsuena «2016an Igotz Gardek eta Mikel Altzurik taldea hartu zutenean gertatu zen. Kontzeptu eta lanketa aldetik kristoren saltoa izan zen». Goitik beheiti aldatu zuten taldea eta denboraldi bikaina izan zen Baztango talde nagusiarendako. Lizartzak futbolarekin inoiz bizitako momenturik hoberena azken partiduko azken minutuan gertatu zen, Azagran: «Xabier Gilek gola sartu zuen 90. minutuan eta hirugarren mailara igotzea lortu genuen».

«Hainbat irakaspen eta balore eman dizkit futbolak»

Baina denak ez dira momentu onak izan Lizartzarendako; «bolada onak eta txarrak izan ditugu». Taldearen jaitsierak ziren makurrenak, eta «aunitzetan etxerat eramaten genituen kaskarkeriak». Hala ere, «beti elkarrekin bizi izan ditugu, hori da Baztan. Gauzak gaizki doazenean ere, zaleak eta klubeko aunitz hor daude laguntzen, eta eskertzekoa da».

Talde-lanaren garrantzia

Garaipenak eskuratzeko, elkartasuna garrantzitsua da, eta taldekideen arteko konplizitatea da gakoa, «dudarik gabe, talde-kiroletan ongi funtzionatzeko lehenbiziko pausoa da. Elkar ongi ezagutzen badugu eta giroa ona bada, dena errazago egiten da».

Bakoitzak bere eginkizuna dauka taldean eta Lizartzarena ez da makala izan, Baztango bigarren kapitaina izan baita urte aunitzez, Luis Iturriria kapitainarekin batera. «Ardura handia izan da, baina ikaragarri polita, eta ahalik eta hobekien egiten saiatu naiz. Batzuetan hanka sartu dut, baina solastatzea eta barkamena eskatzea ere ardura horren barne sartzen da».

Hurrengo denboraldirako «arras baikor» ikusten du taldearen egoera. «Maila autonomikoa arras zaila da, baina dirudienez jokalari gehienek segituko dute eta ematen du bertze batzuk bueltatuko direla. Gainera, Igotz Gardek segituko du, Baztanek izan dezakeen entrenatzailerik hoberena, eta berarekin batera Xabi Maia eta laguntzaileak, hoberenak hauek ere!».

Klubean gauza aunitz «arras ongi» egiten ari dira, «eta horren seinale da Baztan Kirol Elkartetik Realera, Osasunara eta bertzelako talde potenteetarat joan diren neska-mutikoak».

Etorkizunera begira

Azken partidan agurra eman zion Baztanek denboraldiari, hirugarren mailari eta batez ere Lizartzari. «Ikaragarria» izan zen eta eskerrak eman nahi izan dizkie Asier Lizartzak «nire ondoan dauden eta egon diren guztiei». Etapa berri bat hasiko du orain bere bizitzan, aunitz baitira futbola uztea eragin duten faktoreak, «baina gehienbat orain, etxean, haurrarekin, lan gehiago dugulakoz».

«Bigarren kapitaina izatea ikaragarri polita izan da»

«Gauza dezenteren falta sumatuko dut, baina batez ere lehiatzea eta asteburuko partiduaren esperoan egotea, eta partiduan aritu ondoko garagardoak ere…». Hala ere, ez da betirako adioa izanen, gero arte baizik. «Bertze modu batera» gozatuko du kirolaz orain, eta noizbehinka Giltxaurdin «ostiko batzuk ematera» agertuko da; «horrenbertze urtez errutina bera segitu eta golpez uztea ez dut posible ikusten». Etorkizunera begira, Lizartzak ez dauka asmo zehatzik, baina «duela urte batzuk futbol- eskolan Mikel Garbalenarekin batera haurrak entrenatzen aritu nintzen eta etorkizunean beharbada horrat joko dut berriz ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun