Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?
Trikitixa jotzen duen 20 urteko elizondoarra.
Zein dira zure zaletasunak?
Naturarekin zerikusia duten ekintzak egitea eta musika dira nire zaletasun handienak.
Noiz hasi zinen trikitixa jotzen?
12 urte nituelarik erabaki nuen trikitixa ikasi nahi nuela.
Zergatik?
Ttiki-ttikitatik gustuko izan ditut Alaitz eta Maider, Epelde eta Larrañaga, Maixa eta Ixiar, Tapia eta Leturia… bezalako taldeak eta akordeoia eta trikitixa.
Non ikasi zenuen?
Oronozen, Mendaur Trikitixa Eskolan, Arkaitz izan zen nire irakaslea. Bortz urtez egon nitzen hor eta aunitz ikasi nuen.
Eta gaur egun non segitzen duzu klaseak ematen?
Orain Lasartera joaten naiz klaseak hartzera, Joseba Tapiarekin, nahiz eta klaseak ikasketekin uztartzea gero eta zailagoa den.
Nolako esperientzia izaten ari da?
Tapiarekin klaseak emanen nituela erran zidatenean sinestea kostatu zitzaidan.Urte hauetan aunitz ikasi dut, belarria garatzen lagundu dit, kantak jotzerako orduan paperarekiko dependentzia ez izaten, behatzen teknika hobetzen… Horrez gain, kanta bat mila modutara jotzen ahal dela erakutsi dit, originalaren esentzia galdu gabe baina norberak bere ukitu pertsonala emanez.
Kantu propiorik konposatu duzu? Nolakoa da prozesua?
Bueno, zirriborro moduko batzuk eginak ditut; fandango, arin-arin, kantaren bat… Egia erran, ez dakit nola egin ditudan, inspirazio momentutxoak etortzen zaizkit eta horiek aprobetxatuz kanta zatiak mantso-mantso asmatzen ditut.
Zeintzuk dira zure erreferenteak?
Aunitz ditut: Korrontzi, Kepa Junkera, Itsaso eta Irune, Tapia eta Leturia, Alaitz eta Maider… miresten ditut ttikitatik aditu edo txapelketetan ikusi izan ditudalako, baina norbait nabarmentzekotan Xabi Solano izanen litzateke. Esne Beltzarekin eta bere kabuz egindako kantei esker erabaki nuen trikitixa ikastea.
Zure asmoak epe motzera?
Trikitixarekin segitzea, kantak sortzen eta hobetzen.
Eta epe luzera?
Talderen batean sartzea edo bat sortzea gustatuko litzaidake, trikitixa presente egonik.