2005ean hasi zen zuzendari lanean Rosa Mary Sanchez, hogei urtez zeharkako txirula jo ondotik. Orai, berriz ere musikari lanean segituko du Recreo musika bandan, zeharkako txirularekin. Pello Etxebeste Zayas zuzendari berriari dagokionez, lesakarra da sortzez. Ama elizondarra du eta azken urteetan Elizondon bizi da familiarekin. Asteazkeneko kontzertuko azken pieza baino lehen hartu zuen zuzendariaren makiltxoa eta azken pieza berak zuzendu zuen.
Musika bandan 25 eta 40 urte baino gehiago egin dutenei ohore
Zuzendari aldaketa ez zen izan asteazkeneko kontzertuaren ekitaldi berezi bakarra. Bertze zenbait gonbidatu berezi izan ziren. Honela, Isabel Gonzalez, Nafarroako Banden presidenta Alemaniatik etorri zen kontzertua aditzera eta 1997tik 2005era Recreo musika bandako zuzendari izan zen Juan Carlos Moreirak ere txalo zaparrada ederra jaso zuen. Bandan 25 urte dituzten Borja Nagore, Juan Antonio Agerrea eta Hasier Azurmendi omendu zituzten, baita bandan 1980an hasi ziren Rosa Mary Sanchez bera, Falo Diaz, Patxi Villarejo eta Jaime Biguria ere. Hauek 40 urte baino gehiago dituzte bandan.