Elizondoko erraldoi eta buruhandien topaketa arrakastatsua izan da

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 26a, 13:00
Ondikol

Herriko besten faltan, ez da izan urteroko erraldoi eta buruhandien kalejirarik Elizondon. Hala ere, Elizondoko konpartsak dantzan jarri ditu erraldoi eta buruhandiak. Larunbat arratsaldean egin zuten topaketa arrakastatsua Iriarte frontoian.

Edukiera mugak eta distantziak mantenduz, jendeak eserita gozatu ahal izan zuen herriko erraldoi eta buruhandien emanaldia. Sarreren banaketan sortutako ilarak ikusita, lau emanaldi eskaini zituzten nahi zuten herritar guztiek ikusteko aukera izan zezaten.

Nahiz eta Santiago bestarik ez den izan aurten Elizondon, ekitaldi kultural desberdinak antolatu dituzte. Uztailaren 26an, gaur, arratsaldean Trikidantz taldearen kontzertua izanen da. Uztailaren 27an ipuin kontaketa Ameliren eskutik, Madamen Birrots eta Lau Haizetaren kontzertua. Uztailaren 28an bukatuko dira kultur ekitaldiak Elizondoko Bana Recreoren kontzertuarekin. Kontzertu berezia izanen dela esan dute Rosa Mari Sanchezen agur kontzertua izanen baita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun