«Liburutegia gizartearen erdigunean kokatu beharko genuke»

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 24a, 07:00
Sonia Lopezek, Baztango Liburutegi Publikoko liburuzainak, heldu den urtean hartuko du erretiroa. Argazkia: Ondikol.

Sonia LOPEZ IGARTUA Baztango Liburutegi publikoko liburuzaina

Baztango Liburutegi Publikoak 50 urte bete ditu aurten. Azken 43 urteetan Sonia Lopez Igartua arduratu da ateak irekitzeaz eta heldu den uztailean erretiroa hartuko du.

Apal xume batzuk eta 300 bat liburu. Liburutegiaren hasierako bilera akta batean irakur daitekeenez, horixe bertzerik ez zituela ireki zituen ateak Baztango Liburutegi Publikoak. Mende erdia pasatu da ordutik eta, gaur egun, datu zehatzik ez dagoen arren,  «35.000 euskarri baino gehiago» izanen direla uste du Sonia Lopez Igartua liburuzainak. Lau hamarkada baino gehiago daramatza Lopezek lan horretan. Liburutegia udaletxearen azpian zegoenean hasi zen, Arizkuneneara lekualdatu zuten gero eta Jaime Urrutian dago egun. Urte horietan guztietan aldaketa bakoitzaren lekuko eta aldaketen bultzatzaile izan da Lopez.   

Noiz hasi zinen liburutegian lanean? 
1978ko martxoaren 1ean. Liburuzain bat behar zutela jakin nuen eta merituen araberako lehiaketara aurkeztu nintzen. Orduko hartan ez zen azterketarik egiten, urte hura izan zen hautaketa prozesua azterketarik gabea izan zen hondarreko urtea. Hala hasi nintzen eta 43 urte daramatzat hemen.  

«Liburutegia nahi duten guztien topagunea da»

Ordutik zenbat aldatu da liburutegia?
Gaur egungo liburutegiak ez du ordukoarekin zerikusirik. Hasi nintzenean norbaitek hemendik 43 urtetara horrela izanen zela erran izan balit ez niokeen sinetsiko. Lehen isil-isilik egoteko tokia zen liburutegia, liburuak eta irakurleak isilik eta ni agintzen. Erabiltzaileei behin eta berriz isiltasuna eskatzen aritzen nintzen. Gaur egun liburutegia topagunea da, bertakoen eta bertakoak ez direnen bilgunea, informazioa jasotzeko, euskarriak maileguan hartzeko… gunea. Liburuak baino aunitzez ere baliabide gehiago dago, eta espazioak ere ez du zerikusirik. Sare sozialek ere indar haundia hartu dute eta garrantzitsuak dira, ni horretan ez naiz sartu baina...  Izugarrizko garapena izan du. Nire ustez, Kataluniako liburutegiak erreferenteak dira. Han liburutegiak laguntzeko gune ere badira, informazioa eskatzeko baliatzen ditu jendeak. Katalanak aitzinetik doazen arren, Euskal Herrian gero eta gehiago hurbiltzen ari gatzaizkie eta, gaur gaurkoz, hemen ere erreferenteak badira. 

Garapen hori ez da bere kasa ailegatu... Horretarako lan egin behar izan duzue.
Bai, eta prozesu horretan momentu onak eta txarrak izan dira. 90eko hamarkadan, adibidez, lan haundia egin zen. Beran, Lesakan, Baztanen… dendetara liburuak eraman genituen, erakusleihoetan paratzeko eta karrikak hartu genituen. Jendeari liburutegia hor dagoela eta eurena dela erakutsi nahi izan genion. Egun ere lantzen da hori. Eskolako irteerak ere izaten ditugu,  liburutegia gizartearen erdigunera eraman nahi dugu.

Mende erdia joan da Baztango Liburutegi Publikoak ateak ireki zituenetik...
Hasiera hartan liburuzaina eta idazkariak lan egiten zuten Liburutegian eta hilabetero bilera bat egiten zuten. Orduko akta batean irakur daiteke Baztango liburutegi Publikoak 300 bat libururekin ireki zituela ateak. Arras guti eta klasikoak ziren, noski. 

«Liburuak hartu eta eramateko zerbitzua beharko genuke»

Kokalekua ere aldatu da urte hauetan guztietan...
Udaletxean azpian hasi nintzen, kartzela zen tokian. Hortik Arizkuneneara joan ginen, lehenbiziko pisura eta 2010az geroztik Jaime Urrutian gaude. 

Egungo tokiak ez du ordukoaren antzik...
Leku garbia eta argia da, nahiz eta bere hutsuneak ere badituen, ederra da. Leihorik ez du eta karga arazoak ere baditugu. Horregatik, liburuak alde batean daude. Bertze aldean, gu gauden tokian, errekaren gainean gaude eta hor ezin da pisu aunitz paratu. Azpiko aldea indartuz gero, liburutegiari aise probetxu gehiago ateratzen ahalko genioke...

Espazio aldetik, nolakoa da liburutegia?
Haurrendako gela bat, ikasketa gela eta aurkezpenetarako gela ttiki bat ditu. Azken hau lehen etxerako lanak egiteko ere erabiltzen zen. Beraz, sarrera handi bat, bi gela handi eta gela ttiki bat ditugu. 

Liburuak, diskoak... kontuan hartuz, zenbat euskarri dituzue?
Ez dakit zehatz-mehatz zenbat izanen diren. Berriki liburu batzuk erregistratu ditut eta 30.000 inguru zeuden baina datu hori ez da guztiz fidagarria. Gehiago dira. Liburuak, diskoak, filmak… euskarri guztiak kontatuta guti goiti- beheiti 35.000 baliabide fisiko daudela erranen nuke. Horrez gain, ordenagailuak ere baditugu, noski eta horien bitartez ehunka euskarri digitaletara sarbidea dago, eBiblio, eFilm eta InfoMagazinera bertzeak bertze.

Nolakoa da zure egunerokoa liburutegian?
Etortzen naizelarik, ordenagailua martxan paratu, argiak piztu eta barreneko lanak egiten ditut: korreo elektronikoa begiratu, egunkariak hartu, eskaerak egin, katalogatu, materiala bere tokian paratu… Ordenak garrantzi handia du liburutegiko egunerokoan. Alde horretatik informatikak aunitz lagundu du, dena hortik egiten dugu. Gehiago ere bada, erabiltzaile aunitz erabiltzaile birtualak dira gaur egun eta nik ez ditut ezagutu ere egiten.   

Guztira zenbat txartel dituzue?
Ez dakit. Lan hori egin nahi dute. Aunitz daude, baina eguneratu gabe daudenez eta hil zirenak, hemen bizi ez direnak… oraindik hor daudenez ezin da jakin. 

Jende aunitz ibiltzen da liburutegian?
Koronabirusaren kontua ailegatu aitzinetik liburutegi fisikoan bai. Joan den urtean bi hilabetez itxita egon zen eta liburutegi digitalak gorakada izan zuen. Egoitza fisikoa ireki zenean beldurra sumatu zen. Joan den neguan liburuak hartu eta uztera etortzen ziren baina bertan egotera guti. Neurri guztiak betetzen dira baina… Orain pixkanaka normaltasunera bueltatuko garela uste dut. Erdi-erdian gaude, jendeak badaki non gauden eta hori inportantea da. 

Liburutegiaren 50. urteurrenari keinu egiteko, ekitaldi xume bat egin zuten maiatzean.

Zein adin tartekoak dira erabiltzaile gehienak?
Egoteko bereziki gurasoek eta haurrek erabiltzen dute. Hori belaunaldiz belaunaldi transmititu da. Orain gurasoak direnak lehen nire neska-mutilak ziren. Horrez gain, ikasleek, eskola liburutegien faltan, estudiatzeko erabiltzen dute nahiz eta hori ez den liburutegi publikoaren funtzioa. Helduek liburuak hartzeko ere erabiltzen dute.

Negutik udarako aldaketa, arratsaldez irekitzetik goizez aritzera, sumatzen da?
Bai, sumatzen da. Goizez ez da arratsaldez bezainbertze ibiltzen. Udan Dolores Redondoren kontuarekin turistak ere etortzen dira… Edozein modutan, nire ustez Baztanek hartzen duen eremu osorako, hau da, 15 herri direla kontuan hartuz, langile gehiago paratu eta goizez eta arratsaldez ireki beharko litzateke, 09:00etatik 21:00etara. Herrietako jende aunitz goizetan etortzen da, mandatuak egitera eta neguan goizez itxita dago… Aldi berean, eskolaz kanpoko jardueretara etortzen diren inguruko gaztetxoendako aukera ona da liburutegia. Bertzela, garraio zerbitzua behintzat, liburuak herriz herri banatzeko, izan beharko litzatekeela uste dut. 

Nola animatuko zenuke jendea liburutegira?
Hasteko, liburutegia eurena dela erranez eta hamaika aukera eskaintzen dituela oroitaraziz: harremanak egiteko, jendea ezagutzeko, jakintzak partekatzeko, kulturak ezagutzeko, liburu bat hartu eta gozatzeko… aukera ematen du. Guztiona da eta denak dira ongietorriak hemen, ez dugu inor baztertzen. Hitz gutitan, nahi dena egiteko aukera ematen du liburutegi publikoak. Eskoletako liburutegiek, unibertsitatekoek… bertze funtzionamendu bat dute.

Liburutegiaren urteurrena ospatzeko ekitaldi instituzional bat egin zenuten… Nola bizi izan zenuen egun hori?
Erakusketa bat martxan paratu genuen, liburu baten aurkezpena egin genuen eta hiru liburuzainak elkartu ginen. Hainbertze denboraren ondotik denak elkartzea arras polita izan zen. Alkatea, zinegotzia… etorri ziren eta urteurrenari keinu egin genion.

Zer da liburutegia zuretzat?
Goxo egoteko tokia. Nire bizitza da. Ez da lana bakarrik, egunero arras kontent etortzen naiz. Non gaude liburutegi batean baino hobeki? Errekaren ondoan, liburu bat eskuartean duzula egotea… zoragarria da. 

Heldu den urtean erretiroa hartuko duzu... Zer eginen duzu horrenbertze denborarekin?
Bai, uztailean da nire urtebetetzea eta orduan utziko dut. Hurrengo belaunaldiei tokia egin behar zaie, jende gaztea behar da. Irakurtzeko behintzat aprobetxatuko dut, hemen ez dut horretarako denborarik. Horixe izan zen konfinamenduan gehien egin nuena, dozena bat liburu irakurri izanen nituen. Falta sumatuko dut, baina ordutegirik gabe bizitzeko, bidaiatzeko... baliatuko dut denbora.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun