Euskal Herriko 33 kolektibo biltzen dituen Bizitza plataformak Hitza plazaz plaza izeneko ekimena abiatu zuen uztailaren 3an. Ordutik, koronabirusari eta horren kudeaketari buruzko informazioa zabaltzen ari dira. 42 herritan ibiliko dira eta plaza guztietan hainbat adituk parte hartuko dute, bizi dugun egoerari buruzko ezagutza suspertu nahian.
Plazaz plaza «gizarte osasuntsuagoaren mesedetan» adierazpenak egiten ari dira, «goizez herri batean eta arratsaldez bertzean». Karabana herrian barna ibiltzeaz gain, «adierazpen aske eta irekirako guneak» sortzen ari dira.
Eskualdean ere izanen dute geldialdirik. Uztailaren 19an, 18:00etan, Elizondon izanen dira; 20an, 12:00etan Donezteben eta arratsaldean, 18:00etan, Leitzan; eta 21ean, 12:00etan Beran. Hilaren 24an, 12:00etan, Donostian eginen den manifestazioarekin borobilduko dute ekimena.