Egoera sanitarioa dela eta, Baztandarren Biltzarra elkarteak aurtengoan ere ez du urteroko besta handia prestatzerik izanen. «Egoera hobetzen ari bada ere, baztandarron besta, euskararen besta ospatzeko, heldu den urtera arte itxaron beharko dugu» diote antolatzaileek.
Hala ere, ezin burumakur egon eta heldu den igandean, uztailak 18, egun berezi honek «merezi duen seinalea» eginen dutela iragarri dute.
Igandean karrika animazioak 15 herrietan
Urteroko desfilearen ordez, antolatzaileek aurten, «goizeko 11etan, eta modu xumean bada ere, karrika animazioaren bidez besta Baztango herri guztietara» eramanen dute, «txoko guztietan Baztandarren Biltzarraren esentzia sentitzeko».
Gisa berean, urtero beren prestutasuna erakutsi duten Baztango txistulari, trikitilari, gaitero, akordeoilari… guztiak eskertu nahi ditu Baztandarren Biltzarra elkarteak, «baldintzarik gabe eta borondate osoz, beti beren babesa eta lana eskaintzeagatik». Eta nola ez, «egunari kolore gehiago emateko, herritarrak ere baserritarrez janztera eta etxeetako balkoiak apaintzera animatu» nahi dituzte.
«Baztandarren Biltzarra besta bat baino aunitz gehiago» dela azpimarratu dute. «Gibeletik duen lan guztia betetzeko boluntarioz beteriko familia bat dela» ikusten dute eta, aurten bestarik izanen ez bada ere, «elkarteak lanean segitzen du. Ateak zabalik ditugu hurbildu, ikusi, gozatu, lagundu nahi duen edozeinendako. Baztandarrik gabe, ezin Baztandarren Biltzarrik ospatu».