Oraingo aldi historikoaren ezaugarrietako bat «energia eta materia guttiagoko zibilizazio aldia izanen dela» ondorioztatu dute ikastaroan, eta horrek, «nahasmendu handiak ekarriko dituela, aukera totalitario eta ekofaxistetarako bidea emanez». Horren aitzinean «bidezkoak izanen diren alternatibek bizimodu soil edo xeheak bultzatu beharko dituzte eta aberastasunaren birbanaketa handia ere bai» diote antolatzaileek, «betiere, herrialde bakoitzak duen aztarna ekologikoa kontuan hartuz». Gaurgero, klima-aldaketa saihestezina dela aipatu zuten, biodibertsitate galera handia gertatzen ari dela eta gizarte industrialaren oinarrian diren erregai-fosilen eta mineralen eskasia gertatzen ari dela, eta horrek denak, krisi sozial eta ekonomiko handiak ekarriko dituela. Egoera horretan, «itxaropena atxekitzeko tokiko alternatiba kolektibo ttikiek duten garrantzia» aipatu zuten, «oinarrizko segurtasun material eta bitala bermatzeko». Testuinguru horretan, «dinamika eta egitasmo kolektiboen bitartez bizipoza atxekitzea funtsezkoa dela» aipatu zuten.