Iruritako Loizu hiltegia ‘Denon Hiltegia’ enpresak kudeatuko du datozen lau urteetan

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 8a, 19:00

Iruritako hiltegia kudeatuko du datozen lau urtetan Loizu Denon Hiltegia enpresak.

Iruritako hiltegiaren kudeaketa Loizu Denon Hiltegiari, lizitazioan parte hartu zuen enpresa bakarrari, esleitu zaio datozen lau urteetarako. Hilean 760 euroko kudeaketa kanona ordaindu beharko du.

Horrela, zerbitzu honen bertze aldi bat irekiko da da. Aitzinekoaren kudeaketari buruzko arrenkuren ondotik, Baztango Udalak berak «jakinarazitako gorabeherak eta hutsegiteak berrikusi» behar izan zituen hiltegian. Aurreko kontratuan jasotako irizpideen arabera egituratu nahi zuen bere kalifikazioa.

Udalak, osoko bilkuran, Navarra Suma eta Geroa Bairen mozioa berretsi zuen. Mozio horren bidez, ikerketa bat egiten ari dira, eta espedientea irekitzearekin akitu daiteke. Kontuen Ganberak ere, Navarra Sumak proposatuta, hiltegiko azken urteetako kudeaketa ikuskatuko zuela jakinarazi zuen.

Geroa Baik, idazki baten bidez, zenbait partikularren kexak jaso zituen, hainbat arrazoi zirela medio. Ahoz salatutako gertakarien artean, honako hauek zeuden: «egin ez diren kudeaketak kobratzea (MER), adostutako egunean aziendak sakrifikatzeari uko egitea, salgaiak kentzeko instalazioak ireki nahi ez izatea, pleguan adostutako tasen gaineko kobrantzak, errentarien soldata handiak, hiltegia urriaren amaieran ixteko Osasun Zerbitzuko hainbat funtzionarioren bisita eta bertze zenbait». Geroa Baik bi espediente ireki direla ere jakinarazi zuen.

 

Berme berriak

Loizu Denon Hiltegia esleipendun berriak «4.560 euroko behin betiko bermea» jarri behar du, bai eta «arrisku anitzeko aseguru-poliza, une bakoitzean instalazioen eta haien ekipamenduen merkatuko benetako balioa estaltzen duena» eta «610.000 euroko erantzukizun zibileko aseguru-poliza» ere. Horretaz gain, hilean 760 euroko kudeaketa kanona ordaindu beharko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun