Baztango Eskola Ekosoziala

«Mundua larrialdi egoera gorenean ez balitz bezala bizi gara»

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 4a, 09:00

Mattin Aiestaran eta Gorka Laurnaga ekimenaren aukezpenean.

Antolatutako ikastaroan, gaur egungo arazo sozial eta ekologikoak izanen dituzte hizpide, hausnarketarako eremu bat sortuz eta etorkizuneko aterabideetarako tresnak eskainiz.

R. Oskariz | Elizondo

Uztailaren 10ean eta 11n Udako Eskola Ekosoziala eginen dute Elizondon, gaur egungo arazo sozial eta ekologikoei buruz solastatzeko ikastaroa. Horretarako, hainbat adituren laguntza izanen dute. Garua kooperatibarekin eta Iratzar Fundazioaren laguntzarekin antolatu du ikastaroa Baztango Eskola Ekosozialak.

Nola sortu zen ekimena?

Udako Eskola Ekosoziala baztandar zenbaiten burutazioa edo 'buru-takzioa' izan da. Arrunt kezkatuak gaude hainbat gairekin; dela lurrak ez duela deus emanen –lanik ere ez, hemendik urte batzuetara–; dela astero kreditu txartel baten adinako mikroplastikoak jaten ditugula; dela mundua larrialdi egoera gorenean egonen ez balitz bezala bizi garela. Eta aferak larritzen gaituenez, pentsatu genuen baztandarrei ez ezik euskal herritarrei ere arazo eta irtenbideetan egiazki seriotasunez eta sakonki jarduteko aukera ematea. Geure buruei erran genien 'pentsa zientzialari eta adituek erraten dutena egia dela'; kasu horretan onartu beharko genuke patxada ederrean bizi garela oraindik. Ba solastatu gaitezen Baztanen, arazoa zinez baita eroa, eta irtenbideak hain eder bezain arraroak.

Zer da Udako Eskola Ekosoziala?

Auzolan bat da, baina eskuekin beharrean irudimenarekin egina. Bertan, adituen laguntzaz, egun dugun panoramaren tamaina irudikatzen saiatuko gara, zer duten ikusteko horretan naturak eta gizakiak, eta saiatuko gara zirrikituak aurkitzen kondena honetatik ateratzeko. Bi egun izanen dira  XXI. mendea giza historiako berezienetako bat dela irudikatzeko. Eta horri  buruz solastatu beharra dago, doike! Hori da gure xedea. Eta gure ametsa denok ahal bezain pronto auzolanean hastea da, eskuekin, mundu urratu hau hobetzeko. Bide horretan pauso bat bertzerik ez da Udako Eskola Ekosoziala, baina landa eremutik emana, beti hirien esperoan egon beharrean.

Nolakoa izanen da jardueren dinamika?

Uztailaren 10ean eta 11n izanen da ikastaroa, larunbatean eta igandean. Helburua gai hauetan sakontzea denez, goizetik hasiko gara indartsu! Egun bakoitzeko bi gai-bloke egonen dira: bat goizean eta bertzea arratsaldean, hiru ordukoa bakoitza. Eta motzak eginen zaizkigu! Goizeko saioak 10:00etatik 13:00etara izanen dira, gero bazkari begetariano goxoa eginen dugu bertako produktuekin, eta 16:00etan hasiko gara arratsaldeko saioarekin. Gainera, uztailean izanda, kanpoan eginen ditugu jardunaldiak, Merkatuko Plazan. Egitarauan (www.eskoalaekosoziala.eus webgunean ikusgai dagoena) sorpresatxoren bat egotea ere espero dugu.

Hitz gutitan, irudimenetik eskuetaraino bidaia izanen da: teoriatik hasita, munduaren diagnostiko bat eginez, gauza praktikoagoetan lur hartzen joanen gara pixkanaka. Nola egin aurre honi kulturalki ? Nolakoa izaten ahal da etorkizuna? Zer arraio egiten ahal dugu Euskal Herritik? Asteburu bateko bidaiatxo zoragarria izanen da, batzuetan tristea ere, dena erran behar da, Baztandik mugitu gabe, mundu osora eta historiako hainbat momentutara! Merke eta ona!

Jendearen erantzuna ona izan da?

Arras-arras ona! Lauzpabortz egunetan agortu ziren sarrerak. Sumatu dugu baztandarren artean eta Euskal Herrian badagoela gai horien inguruko kezka eta solastatzeko eta ikasteko gogoa. Aukera emanda, agudo desagertu dira plaza guztiak.

Akitzeko, zerbait gehitu nahi al duzue?

Debekatua dago autokarabanan etortzea!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun