Aitor Iturralde Elizalde

«Uda honetan lixutegia zaharberrituko dugu auzolanean»

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 3a, 10:00
Apaioa auzoan sortu eta bizi da Aitor Iturralde Elizalde.

Luis Azkarragari lekukoa hartuta, urte hasieraz geroztik Aitor Iturralde da Azpilkuetako alkate. Herritarren beharrei erantzuteko eta bereziki Apaioa auzoa hobetzeko lan eginen du bi urteetan. Uda honetarako auzoaren erdi-erdian dagoen lixutegia berritzeko proiektua dute.

Alkatearen lekukoa bi urtean behin auzo batetik bertzera pasatzen da Azpilkuetan. Modu horretan, bakoitzak bereari begiratzeko aukera izaten du zaharberritze lanetan. Halaxe azaldu digu orain karguan dagoen Aitor Iturraldek (Azpilkueta, 1979). Apaioan, bere auzoan, du begirada egungo alkateak eta aunitz dira egin nahiko lituzkeen lanak: «lixutegia zaharberritu, oinezkoendako arekak edo kunetak egokitu, zakarrontziak herri sarrerara atera...». Edozein modutan, horiek buruan darabiltzan kontuak dira eta «herriaren eta ematen diren dirulaguntzen» arabera «ahal dena» eginen du. 

Nola animatu zinen alkate aurkeztera?

Azpilkueta arras herri ttikia da eta norbaitek egin behar du. Alkate lagun 14 urte egin ditut, beti saltsan egon naiz. Ezin da bertze aldera begiratu. Nahi izanez gero ezetz erraten ahal da baina... Aurten 42 urte beteko ditut eta nahiago izan dut orain egin, gerorako ez utzi. Ez pentsa, nahiago dut bazterrean egon laguntzen aurpegia eman baino... Orain hori egokitu zait, bi urte doi-doia eginen ditut.

Zein dira alkatearen ardurak?

Boladaka aldatzen dira. Baina badira betikoak diren batzuk: zaborrarekin hornitu behar diren pistak mantentzeko eta sasiak mozteko makinak ekartzeko eskaerak, erraterako, egin behar izaten dira. Azken batean, herriaren eta udalaren lana egiten dugu, herritarren kezkak azaldu eta eskaerak egin… Posible bada ematen dute, ez bada posible jendeari erran digutena azaltzen diogu.

Erraza izaten da aurpegia ematea?

Ez pentsa, ez. Aisetasuna duen jendea dago…  Momentuz ez zait trantze handiko konturik egokitu, ikusiko dugu… Edozein modutan, hor daude alkate lagunak eta alkate izanak lagundu eta aholkuak emateko. 

Nor dituzu kargudun?

Migel Angel Azkarraga, Juan Andres Azkarraga, Unai Barazabal, Pello Ariztia, Luis Azkarraga eta Iñaki Azkarraga.

Zenbatero egiten dituzue bilkurak?

Urtean hiru egiten ditugu: hasmentan, uda aldera eta urte akabailan. Zerbait inportanteagoa ateratzen bada gehiago. Herriko batzar orokorrak, berriz, aldaketaren bat dagoenean, esplikatzeko eta herritarrak konforme dauden jakiteko.  

Azken urteetan zer hobekuntza egin dira?

Alkateak eta alkate lagunok, zenbait herritarren laguntzarekin, auzolanean komun publikoak egin genituen herrian. Saneamendua pasatu berria da herrian eta herriko karrika nagusia arras txukun gelditu da… Auzolanetan juntatzen gara, giro polita izaten dugu eta gehiegi ez luzatzen saiatzen gara. Uda aldera txanda bat egiten dugu, hilabete batez larunbatero edo egiten dugu, dagoen lanaren arabera… Momentuz dirulaguntzak ematen dituzte, auzolanean aritzeko eta gehiago, eta hori aprobetxatu behar da. 

Eta, aitzinera begira, zer duzue esku artean?

Apaioa auzoaren erdi-erdian dagoen lixutegi zaharra konpondu nahi dugu. Teilatua arras hondatua du. Dirulaguntza emanen digutela errana digute eta materiala ailegatzen denean horrekin hasiko gara, uztail hasmenta aldera izanen dela pentsatzen dut. Teilatua konpondu, kanpotik harria agerian utzi eta ondoan dagoen aska zaharra, azpitik hautsia dagoena, konpontzeko asmoa dugu. Horrez gain, bideetan ere bada zer egina, dirulaguntzak emanez gero ahal dena egiten saiatuko gara.

Eskolako leihoak berritzeko aurrekontua ere onartu dute.

Bai, hori kanpoko enpresa batek eginen du. Herriko haurrendako hobekuntza handia izanen da.

Herriko bestak gazteen esku gelditzen dira. Udalak zerbait antolatzeko ohiturarik izaten du? Aurten nola ikusten duzu kontua?

San Fermin Egunean udaleko jendeari eta herritarrei ematen zaien hamaiketakoa da alkatearen esku gelditzen den bakarra. Oraindik ez nago horri begira baina nire partea egin nahiko nuke. Frontoian bada ere, distantziak zainduz… 

Aitzinera begira, zer behar ikusten duzu herrian?

Aunitz. Herri ttikia da, biztanle guti gara, baina auzoak, Zuaztoi, Urrasun, Arribiltoa eta Apaioa, arras sakabanatuak daude. Nire irudiko oinezkoendako arekak edo kunetak falta dira. Urrasunen ere uraren depositu baten beharra dago, herritarrak zerbait mugitzen ari dira. Auzo guztietan bada zer egina. Orain txukunenak herria eta Zuaztoi daude.

Herri ttikia da Azpilkueta... Nola ikusten duzu herriaren etorkizuna?

Gure kasuan andana bat gelditu ginen herrian eta orain eskolan haur aunitz dago. Ea hurrengo belaunaldiek zer egiten duten! Egia erran orain herria aski polita dago, bizia sumatzen da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun