Belate eta Almandozko tuneletako haizagailuak aldatzeko 1,2 milioi euro esleitu ditu Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 1a, 15:30

40 haizagailu berri hornitu eta instalatuko ditu tuneletan Construcciones Mariezkurrena enpresak.

Duela 24 urte martxan paratu zituzten haizagailuak aldatzeko 1.269.431,03 euro esleitu ditu Gobernuko Ondare Zerbitzuak. Bi helburu ditu berriztatzeak; tunel barneko kutsadura maila nibel baxuan mantentzea eta suterik gertatzekotan haizagailuek kea kanporatzea. Izan ere, tunel barneko suteetan, kearen kontzentrazioa da faktore arriskutsuenetako bat.

Lanak gauez eginen dituzte eta trafikoa Belateko portura desbideratuko dute. Lehenbizi, oraingo aireztatze sistema desmuntatuko dute eta hondakinen kudeaketarako instalazioetara eraman. Ondotik, haizagailu berriak instalatuko dituzte; 22 Belateko tunelean eta 18 Almandozkoan. Ardatz-biraketako haizagailuak dira, bi aldeetara funtzionatu dezaketenak eta 400 graduko tenperaturak 2 orduz jasan dezaketenak. Instalatu ondotik, funtzionamenduaren probak eginen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun