Gaur hasiko da EuskarAbenturaren 2021eko edizioa. Aurtengoa ez da ibiltaria izanen, baina gazteek aunitz izanen dute ikusi eta ikasteko. Bi txandatan banatuko dute kanpaldia, lehenbizikoa uztailaren 1etik 11ra izanen da, Zokoan (Lapurdi) hasiko da eta 6an Lekarozera ailegatuko da. Bigarrena uztailaren 16tik 25era izanen da, Bidania-Goiatzen (Gipuzkoa) eta Aulestin (Bizkaia).
Euskal kultura, historia, ondare eta geografiari buruzko edukiak landuko dituzte bertan, topaketa, solasaldi eta tailerren bitartez eta hainbat formatutan; musika, arte eszenikoa, bertsolaritza, literatura, kirola… Norbere buruaren autonomia eta erantzukizun pertsonalak garatu eta berdintasunaren, naturarekiko errespetuaren eta turismo iraunkorraren inguruko balio zibikoak ere jorratuko dituzte. Ekimenak testuinguru linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural desberdinetatik etorritako parte-hartzaileen arteko bizikidetza ahalbidetuko du.