Otondo alkateak erran duenez, «urteetan lurzoruen kalifikazio aldaketak eta eraikuntzak markatu du agenda publikoa, ordua da eraikia dagoenari begiratzeko eta ahalik eta hobekien aprobetxatzeko». Atzo, ekainaren 23an, jendearen aitzinean aurkeztu zuten 'Baztan Hobetzen' plana, 15 hirigune historikoak eta gainerako herrigune eta auzoak kontuan izanen dituenak. Hiru helburu nagusi ezarri dituzte:
- Hiriguneak hobetzea hainbat ikuspegitatik; etxebizitza, merkataritza, espazio publikoak, zerbitzuak eta azpiegiturak, mugikortasun jasangarria eta gizarte, ingurumen eta ondare-alderdiak.
- Birgaitzearen sustapena, etxebizitza hutsen ugaritzea saihesteko eta lurzoruaren artifizializazioa eta hiri-hedapena geldiarazteko.
- Ondare, paisaia eta ingurune naturalak zaintzeko mekanismoen planteamendua.
Proiektua gauzatzeko lau fasetan egituratuko dute. Lehenbiziko hiriguneen arazo eta beharren azterketa eginen dute, gero diagnostiko, aitzinproiektu eta planaren alternatibak eginen dituzte. Hirugarren eta laugarren faseak dokumentuaren izapidetzeari, alegazioei eta onarpenari buruz izanen dira.
Prozesu honetan herritarren parte-hartzea «funtsezkoa» dela azpimarratu dute, planaren idazketa baztandarren iritziarekin eginen baitute. Hurrengo hilabeteetan hainbat elkarrizketa, talde-mapa eta partaidetza-tailer eginen dituzte eta inkesta digital bat ere prestatu dute.