Baztango Eskola Ttikietako haurrek Iruritan egiten dituzten tailerrak ez kentzea eskatu dute guraso elkarteek

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 24a, 11:00

Amaiur, Azpilkueta, Erratzu, Irurita, Urdazubi eta Zugarramurdiko guraso elkarteek adierazi dutenez, Iruritan egiten dituzten tailerrak «berebiziko garrantzia» dute, eta 2021/22 ikasturterako bertan behera uztea «ez dela bidezkoa» salatu dute.

Baztango Eskola Ttikietako 4., 5. eta 6. mailako ikasleek urteak daramatzate Iruritan tailerrak egiten. Musika, ingelesa, gorputz heziketa eta bertzelako ikasgaiak lantzeko elkartzen dira haurrak, baina baita bertze haurrekin harremanak izateko eta «euren behar psikologiko, sozial eta emozionalak asetzeko». Izan ere, «herrietako eskolen maila bakoitzean ikasle bakarra dago maiz. Beraz, Iruritako saioak dira beren adineko jendea ezagutzeko bidea».

Aurten, Hezkuntza Departamentuak 2021/22 ikasturterako tailer hauek bertan behera uztea erabaki du. Guraso Elkarteek «erabakia berrikusi dezala» eskatu diote Departamentuari, «bilera zuzenak eskatuz eta herritarren firma bilketa eginez». Jasotako erantzuna: «ez da eskola ezberdinetako haurrak nahasten dituen jarduerarik eginen».

Kurtso honetan «protokoloak zorrotz bete eta eskola kusatzeak saihestu» dituztela adierazi dute, eta udalekuek eskolaz kanpoko ekintzak abiatu dituztela oroitarazi dute, «herri ezberdinetako haurren parte-hartzearekin». Honez gain, hurrengo kurtsorako «biztanleriaren % 70 eta irakasleriaren % 100 txertatuta egonen dela» gehitu dute.

Aurten haurrek «murrizketa gogorrak jasan behar izan dituzte: musukoak, eskola patio debekuak, jolas parkeak itxita…». Hortaz, Baztango Eskola Ttikietako haurrek Iruritako tailerrak «merezi eta behar» dituztela aldarrikatu dute, «neurriak betez, doike».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun