Gobernuak Nafarroako erbesteratuak omenduko ditu Elizondon irailean

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 25a, 08:00
Nafarroako erbesteratuen memorian Elizondon paratutako Mikel Iriarteren eskultura.

1936ko kolpe militarraren ondorioz erbestera joan behar izan zuten nafar guztiak omenduko ditu Nafarroako Gobernuak irailaren 4an.

Nafarroako erbesteratzea. Erbesteratzea, oroimena eta artea programaren barnean eginen dute omenaldia, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak sortua. Duela gutxi, memoria historikoko elkarteei eta haien senideei aurkeztu zieten ekimena.

Interesa dutenek www.pazyconvivencia.navarra.es web orrian erbesteratu ziren nafar guztien zerrenda osoa daukate ikusgai, bakoitzaren jatorrizko herriarekin. Nafarroako Memoria Institutuak egindako lanak 1.362 lagun bildu ditu osotara.

Ekitaldian parte hartu nahi duten senitarteko eta lagun guztiak Nafarroako Memoriaren Institutuarekin harremanetan jartzera animatu dituzte, inm@navarra.es helbide elektronikora idatzita edo 848 42 60 21 telefonora deituz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun