Hainbertze herritar bildu dira gaur arratsaldean Lekarozen «gure komunitateko hainbat kidek jasotako errepresioa salatzeko». Aroztak herri-ekimenak jakinarazi duenez, «manifestazio arrakastatsuaren biharamunean, Aroztegiko proiektuaren kontrako 10 ekintzaileren inputazioaren berri izan genuen. Ondoko asteetan bertze 25 lagunek jaso zituzten isun administratiboak. Guztira 20.000 euro eskatzen dizkigute isun eta kalte ordainetan».
«Isun eta salaketa masibo hau izen abizen zehatz batzuekin lotu nahi baldin badute ere, guk argi dugu herri oso baten kontrako erasoa dela. Herri gisa erasotzen gaituztenean, herri gisa erantzunen dugu». Aroztegiko proiektu urbanistikoa gelditzeko lanetan segituko dutela iragarri dute lekaroztarrek.