Xuban Oskariz

«Beldurra sartzen digute selektibitatearekin baina ez da hain gogorra»

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 19a, 11:00

Bertze hainbat gaztek bezala, selektibitatea egin du ekainean Xuban Oskarizek. Ttipi-Ttapari bere esperientzia kontatu dio.

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

Letretako batxillerra akitu berri duen 17 urteko elizondoarra.

Zein dira zure zaletasunak?

Lagunekin egotea eta futbolean jokatzea gehienbat.

Ikasturte guztian hitz bera errepikatu dizuete irakasleek behin eta berriz; selektibitatea. Nolako esperientzia izan da?

Esperientzia nahiko ona izan da, guti goiti-beheiti azterketak nahi nituen bezala atera zaizkidalako. Hala ere, zazpi azterketa hiru egunetan egitea nekagarria eta estresantea da, jokoan duzuna ikusita.

Dioten bezain gogorra da?

Egia erran, urte osoan beldurra sartzen dizute selektibitatearekin, baina niretzat ez da espero nuen bezain gogorra izan. Lehendabiziko azterketaren nerbioak kenduta, aise lasaigo egiten dira bertzeak.

Zer izan da makurrena?

Batxillergoko azken azterketatik selektibitatea egitera arte ikasteko izan dugun denbora eskasa izan da neretako, denbora gutti hori ongi antolatu behar duzulakoz.

Zure klasekideek ere iritzi bera dute?

Bai, lagunekin solastatu ondotik denok erran dugu ez dela espero genuen bezain gogorra izan. Denbora eskasean ere estresaturik ibili dira ikasten.

Ikasturtean koronobirusaren ondorioak ere nabaritu dira, ez?

Aunitz. Klasean mailak separatuak izan ditugu, musukoarekin ez ginen ikaskideen artean solastatzeko ulertzen, eta irakasleei ulertzea ere zail egiten zen aunitzetan. Atsedenaldietan ezin ginen nahi bezala elkartu eta  konfinatutako ikaskideei ez zieten ia kasurik egin ikasgai batzuetan, horrela gibelatuak geldituz.

Etorkizunari begira, zer ikasi nahi duzu?

Oraindik ez dut arras argi zer ikasiko duten, baina Historiako gradua egitea gustatuko litzaidake, Iruñean berriki ateratako karreran.

Karrera batean sartzeko zailtasunak handiak izaten dira?

Zailtasuna aukeratutakoaren arabera izaten da, denetarik dago. Horregatik da hain garrantzitsua selektibitatean emaitza ona ateratzea. 

Zure asmoak epe motzera?

Gustuko ikasketetan sartzea eta uda ahal bezain ongi pasatzea.

Eta epe luzera?

Oraindik ez dut asko pentsatu, baina, ikasitakoarekin zerikusia duen lana bilatzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun