Elizondoko zahar etxeko langileek lan hitzarmenaren negoziaketa hastea lortu dute

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 17a, 17:30
Elizondoko zahar etxeko langileak gaur goizean emandako prentsaurrekoan. Argazkia: Ondikol.

Gaur 19:00etan elkarretaratzea eginen dute Elizondoko plazan eta jendartea animatu dute haiekin ospatzera.

Gaur akitu dituzte zahar etxeko langileek deitu zituzten zortzi greba egunak, IDEA enpresari hitzarmen berri bat negoziatzeko eskatuz. Hiru urteren ondotik, enpresak hitzarmen berriaren negoziaketa hastea erabaki duela jakinarazi dute. Hala ere, «enpresa ezagututa, badakigu ez dela bide erraza izanen, baina egindako mobilizazioek eta jasotako babesak indar handia eman digute erronka honi aurre egiteko».

Hitzarmenak «pairatzen ditugun arazo nagusi batzuk konpontzeko tresna izan behar du, hala nola; soldatak hobetzea, bajak ordezkatzea, lanaldi murrizketa, baimenak hobetzea, errelebo kontratuak edo hitzarmenaren alde bakarreko ez betetzeak bertan behera uztea». Arreta jaso ezean, mobilizatzen segituko dutela iragarri dute, «lan baldintzak eta zaintza zerbitzu duin bat lortu arte».

Funtsezko zerbitzu batek bere funtsezko langileak hain baldintza eskasetan edukitzea «onartezina» dela diote. «Zahar egoitzen kudeaketa ezin da onura ekonomikoetan oinarritu, baizik eta kalitatezko zerbitzua ematean, zaintzaile eta erabiltzaileak erdigunean jarriko dituenak».

Mobilizazioetan parte hartu eta «elkatasuna adierazi diguten guztiei» eskerrak eman diete, eta bereziki erabiltzaileen familiei «egoera ulertzeagatik». Gaur 19:00etan Elizondoko plazan eginen duten elkarretaratzean parte hartzera animatu dute jendea. «Borrokatzeak merezi du».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun