EuskarAbentura

«Baztandik kanpoko errealitatetik aunitz ikastea espero dut»

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 20a, 13:00

Garazi SAROBE SANSIÑENA, Elizondoko gaztea

Esperientziak bizitzea eta saltsa guztietan egotea maite du Garazi Sarobe Sansiñenak (Elizondo, 2003). «Lagunekin egotea, musika aditzea eta dantzatzea» aunitz gustatzen zaionez, «ahal den guztietan» aprobetxatzen du horretarako. 

Baztandik haragoko errealitatea ezagutzeko gogoz

Aurten, ordea, ez du nahi bertze aukerarik izan horretarako, birusak «astegunez ikastetxean zein asteburuetan lanean» eragina izan baitu egunerokoan: «lanean etxeratze aginduak eta ostatuen barneak itxita egotearen ondorioz lanordu gutiago izan ditut eta institutuan mantendu beharreko distantzia sozialak eta hartu diren gainerako neurriek ikaskideekin harremanak behar bezala edukitzea galarazi dit eta». Bertzelakoa espero du uda: «Baztango zulotik atera eta hemendik harago dagoen mundua, jendea, ezagutzeko aukera izatea espero dut. Aunitz ikasi eta ahalduntzea eraginen didala uste dut». Horren aitzinean «jendearekin harremanetan jartzea» da gehien kezkatzen duena: «pandemiaz geroztik gehiago kostatzen zait, baina gehienak egoera berean egonen garela pentsatzeak pixka bat lasaitzen nau». 

Birziklatzearen garrantzia 

Hiru lagunen esperientziak aditu ondotik animatu zen izena ematera, «nahiz eta Euskarabentura izena bera aditu nuenean parte hartzeko grina izan, ez nintzen izena ematera ausartu». Birziklapena landu zuen Sarobek egin beharreko lanean, «nire egunerokoan garrantzia duen gaia delako eta amak zorrotz jokatu duelako horretan nirekin». Horrela, «birziklapen arazoari aurre egiteko proiektu bati buruzko lana» egin zuen, «bertako zabor kudeaketaren teknikariari esker jasotako zenbait daturi esker». Joan den urtean eman zuen izena, baina koronabirusagatik bertan behera gelditu zenez ez zuen parte hartzerik izan eta dagoeneko atzendua zuen egindako lana: «lanak gorde zituztela eta hautatua izan nintzela erran zidatenean sorpresa handia hartu nuen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun