IDOIA BIDEGAIN

«Aurten inoiz baino gehiago sumatu dugu toki falta jangelan»

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 20a, 10:00

Idoia Bidegain «arras kontent» dago jantokiko lanarekin.

Idoia BIDEGAIN ZUBIRI Erratzun bizi den bozatearra

Orain hamar urte, Erratzuko eskolako jantokia ireki zuten urtean, zortzi ikaslerendako prestatzen zuen bazkaria Idoia Bidegainek. Ordutik kopurua hirukoiztu egin zaio eta espazio berean, eginahalak eta bi eginez, eta txandetan banatuz, moldatu behar izan du.

Birusak bete-betean eragin du eskoletako jantokietan. Ongi daki hori Idoia Bidegain Zubirik (Bozate, 1976). Hamar urte daramatza Erratzuko eskolako sukaldean, haurrei bazkaria prestatzen eta jatera ematen. Bere garaian «apustu haundia» egin bazuten ere, jantokiak «bigarren urtetik aitzinera» martxa ederra izan du eta joan den urtera arte «ikasleen erdiek edo» bertan bazkaltzen zuten. Aurten, jardunaldi jarraitua izatearen ondorioa sumatu du. Hamabortz ikasle ditu. Gainera, horri bertze eragozpen bat ere gehitu zaio: «jantokia arras ttipia denez beti bi txanda egin izan ditut. Aurten bigarren txanda ailegatu orduko arras berandu izaten zen». Txar guztiak badu bere alde ona. Izan ere, birusak lehendik ere bazegoen beharra ageriko egiteari esker, heldu den ikasturterako jantokia handituko dute.  

Erratzuko eskolako jangelako sukaldaria zara... Noiztik?
2011n hasi nintzen jangelan. Dantxarinean ari nintzen lanean. Hasieran haurra Elizondoko haurtzaindegian utzi eta lanera joaten nintzen baina gero guraso batek Iruñean bizi zen erratzuar batek herrira etortzekoa zela eta jangela martxan paratzeko asmoa zutela erran zidan. Guraso batzuek aitatxi eta amatxirekin haurrak ezin zituztela utzi eta horrekin bueltaka zebiltzan, eta Arizkungo eskolako jangela nire ahizpak kudeatzen zuenez… Orduko hartan, nire semea eskolan hastekoa nuen eta proba egitea erabaki nuen. Hasiera hartan, astegunez jangela eramaten nuen eta asteburuetan Dantxarinera joaten nintzen. Jangelan haur gehiago hasi zirenean Dantxarinekoa utzi eta horrekin segitzea erabaki nuen. 

«Hasieratik arras ongi hartu ninduten eskolako haurrek»

2011ra arte, beraz, ez zegoen jantokirik… 
Ez, sukaldea bazegoen, lehen maisu bat hemen bizi zelako, baina ez zegoen jantokirik. Lehengo denboretan, baserrietan bizi zirenak herriko ostatuan gelditzen ziren. Gero hori hetsi zenean Iparlan ematen zuten. Gero urte batzuez ez zen izan eta 2011n ni hasi nintzen eta hortxe gaude. Ez dakit noiz arte, baina gustura momentuz. 

Apustu haundia izan zen?
Bai, ez genekien zer nolako erantzuna izanen zuen eta guraso elkarteko kideok sukaldea moldatu genuen, garbigailua, hozkailua… paratu behar izan genituen. Egia erran erantzun ona izan zuen eta gero eta haur gehiago izan ditut.

Zaila izan al zen lan horretara egokitzea?
Beti jende artean ibiltzea gustatu zait. Zerbitzari aritu naiz baina ez nuen arazorik izaten sukaldean, harraskan… sartzeko. Horrez gain, haurrak gustatzen zaizkit eta ez zen aldaketa haundia izan. Hasieratik arras gustura sentitu naiz, haurrek ongi hartu ninduten eta...

Zenbatekin hasi zinen eta zenbat dituzu orain?
Zortzi haurrekin hasi nintzen, baina bigarren urtetik aitzinera aunitz gehiago ziren. Azken urteetan 24 bat izan ditut, eskola erdia guti goiti-beheiti. Aurten gutiago dira…

Laguntza izanen duzu...
Bai bakarrik hasi nintzen baina gehiago apuntatu zirenean bi txandetan hasi nintzen, jantokia arras-arras ttipia delako denendako tokirik ez zegoelako. Gehienez bederatzi sartzen dira. Batzuk bazkaltzen zeudenez bertzeak ez nituen bakarrik uzten ahal, baina bertze pertsona bat hartzeko adina lan ere ez zegoen. Hortaz, senarra etortzen zen laguntzera. Nik talde bati bazkaltzera eman bitartean bera kanpoan egoten zen bertzeekin.  

Aurten, jardunaldi jarraitua izateak eragin du zure lanean?
Bai, aunitzek ordu bietan eskola akitu eta etxerat eramaten dituzte. Normal da, arratsaldean ez baitago eskolarik, kopurua jautsi da.

«Jantokia arras ttikia denez irakasleek gela bat utzi didate aurten moldatu ahal izateko»

Eta, horren jantoki ttipia izanik, nola moldatu zara?
Beti bi txandetan eman izan ditugu, ez zirelako kabitzen. Aurten, horrez gain distantziak mantendu behar izan direnez, toki ttipiagoa genuen. Bi txandetan hasi ginen. Ordu bietan hasten ginen eta horiei eman, garbitu, desinfektatu eta hurrengoak sartu orduko hirurak ailegatzen ziren. Ordurako haurrak gosetuak, ‘Idoia, badut gosea, ezin dut, goazen…!’ aritzen ziren, izugarrizko pena ematen zuten, eraman nahi eta ezin. Haur batzuek gosari pixka bat gordetzen zuten bi orduetan hori jateko. Horrela hasi ginen eta hilabetez horrela egon ondotik ezin genuela horrela segitu erabaki genuen. Urrian irakasleek gela bat utzi ziguten eta bi tokitan ematen ditugu baina batera. 

Beraz, lehendik ere ttipia zena arazo bihurtu da…

Bai, orain arte moldatu gara, hori zen zegoena eta horretara jarrita geunden. Aurten, ordea, haur batzuk toki gabe gelditu dira… Batzuk egunero gelditzen dira, bertze batzuk astean lautan, hirutan… Aunitz egun jakin batzuetan gelditzen ziren… eta aurten ez digute utzi, burbuilaka antolatzeko eta egunerokoak kontrolatzeko… Hori ikusita, guraso elkarteko kide batzuk udaletxera jo zuten eta ikustera etorri ziren. Toki falta zegoela ikusi zuten baina esperatu beharko genuela erran ziguten eta uste baino lehenago izan da. 

Zer hobekuntza eginen dute?
Sukaldea dagoen tokian geldituko da eta hortik hurbil jantokia eginen digute. Horri esker, distantziak mantenduta ere denak sartzeko adinako tokia izanen da, arras ongi. Denak batera, sartuko dira, zikloka paratuko ditugu bai noski. 

«Haurrek fruta jateko modu erakargarrian paratzen saiatzen naiz. Elikadura zaintzen dugu»

Elikadurak izugarrizko garrantzia du… Nola moldatzen zara menuak egiteko?
Guraso elkarteko ama bat erizaina da eta berak menuak pasatu zizkidan, kaloriak, proteinak… kontuan hartuz. Nik irailerako prestatu eta gurasoei emailez bidaltzen dizkiet eta hilabeteko menuak etxean izaten dituzte. Barazki eta fruta aunitz sartzen dugu, arraina astean hiru aldiz, esnekiak, fruta… Aunitzetan ‘berriz ere fruta’ hasten dira. Frutarekin marrazkiak egiten saiatzen naiz, erakargarri egiteko eta jateko. 

Erosketak guraso elkarteak kudeatzen ditu edo zuk zeuk?
Dena nik egiten dut. Urteak daramatzat eta egina nago, martxa hartua dut. 

Gurasoek bertan prestatua izatea eskertuko dute…
Bai, bai. Dena bertan eta egunean egunekoa prestatzen dut. Herri guti gara bertan prestatzen dugunak, gehienek kanpotik ekartzen dute. Erratzun, egia erran, nik prestatzen segitzea nahi zutela erran zuten eta bueltaka ibili ziren. Autonomo egin nintzen, hor segitzeko eta… 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun