Elizondoko zahar etxean dagoeneko bortz greba egun eginda, IDEAren aldetik oraingoz ez dela «ia ezer mugitu» salatu dute langileek

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 9a, 08:30

Elizondoko Fco. Joaquin Iriarte zahar etxeko langileek lan baldintzen eta zerbitzu duinaren alde deitutako 8 greba egunetatik borzgarrena egin zuten atzo. Langileek salatu dutenez, zahar etxea kudeatzen duen IDEA enpresa greba hasi zenetik «ez da ia ezer mugitu» eta, oraingoz, «legean jasotzeagatik aplikatzera behartuta dauden puntuak» eskaintzen dituela «ia soilik» gaineratu dute. 

Langileek prentsa-ohar bidez jakitera eman dutenaren harira, enpresak «jarrera immobilista du negoziaziokoak diren alderdi guztietan, baita kostu ekonomikorik ez dakartenetan ere. Nabarmentzekoa den gauza bakarra da enpresak Baztango Udalak egindako bitartekaritza proposamena onartu izana, hau da, hiru aldeak, enpresa, langileak eta udala, mahai baten inguruan esertzea akordio bat lortzen saiatzeko». Hori dela eta, langileek Baztango Udalari eskatzen diote «bilera hori ahalik eta lasterren martxan jartzea». Bien bitartean, «langileok zaintza-lanak duin bihurtzeko beharra eta lan-baldintza duinak defendatzen» segituko dutela azpimarratu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun