Gaztetxea biziberritzeko auzolana deitu dute Elizondon

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 9a, 10:00

Ekainaren 19an 11:00tan Baztango Gaztetxean elkartuko dira azken hilabetetan izandako kalteak konpontzeko.

Azken hilabete hauetan gaztetxeak itxita mantendu behar izan dituzte pandemiaren egoera dela eta, eta Elizondokoa ere «abandonatuta» egon da. Gainera, «eraso faxista» bat jasan zuten martxoaren 21eko gauean eta hainbat pintaketa egin zituzten barneko paretetan. Gazteak ezin izan ziren pintaketak garbitzera sartu, identifikatuak izan baitziren sartzeagatik eta multa ere ailegatu baitzitzaien.

Honen ondorioz, ekainaren 19an auzolana eginen dute goizean Baztango Gaztetxea garbitu eta txukuntzeko. Garbitzeko tresnak eta produktuak etxetik eraman beharko ditu bakoitzak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun