Arizkun Rock jaialdiko xehetasunak azaltzeko bideoa egin dute antolatzaileek

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 4a, 11:30

Ekainaren 19an eginen den Arizkun Rock jaialdiari begira, kontuan hartu beharreko hainbat jakingarri bildu dituzte bideoan. Bertzeak bertze, sarrera eta irteera nola izanen diren, taldeek zein hurrenkeratan joko duten eta zein segurtasun neurri hartuko dituzten jakinarazi dute.

17:30ean irekiko dituzte Arizkungo frontoiko ateak eta antolatzaileek segurtasun neurriak errespetatu beharko direla iragarri dute. Maskara janztea eta distantziak mantentzea nahitaezkoa izanen da. Sarrera guztiak akituak direla ere oroitarazi dute eta kontzertuen egunean ez dute sarrerarik salduko. Hala, sarrera dutenek baino ez dute izanen kontzertu gunera sartzeko aukera eta horiek antolatzaileek adierazitako tokian jarri beharko dute.

Taldeen hurrenkerari dagokionez, 17:30etik 18:00etara Tirri & Teryk ateen irekiera girotuko du. 18:00etan jaialdiari hasiera emateko Jon Maiak bertsoa botako du eta 18:10ean Olaia Inziarteren txanda izanen da. 18:40 aldera, berriz, Skabidean taldea igoko da taula gainera eta ska eta jamaikar musikaz gozatzeko aukera izanen dute bildutakoek. Jaialdia borobiltzeko 20:00etan Jon Maiak agurreko bertsoa botako du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun