II. Binakako Euskal Pentatloietik kanpo gelditu da Xabi Urrutia

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 3a, 12:30

Kanporaketa saioa jokatu zuten larunbatean Tolosako zezen-plazan. 12 bikoteetatik 6 sailkatu dira finalerako, ekainaren 20an leku berean jokatuko dena.

Bortz proba egin behar zituzten lehiakideek kanporaketa saioan; harri jasotzea, giza proba, aizkora, txinga eta korrika. Jon Gisasola Zelai V.a eta Ioritz Gisasola Zelai IV.a izan dira lehen sailkatuak, 18'16"80ko denborarekin. Gibeletik, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a eta Jexuxmari Iruretagoiena Izeta III.a bigarren postuan 18'24"73ko denborarekin. Iñaki Errazkin eta Aratz Mugertzak osatutako bikotea izan da hirugarren (18'44"62). Peñagarikano-Etxeberria, Goenatxo III.a-Larrañaga eta Otaegi-Txapartegi dira finalera sartu diren azken hiru bikoteak.

Zortzigarren postua lortu dute Xabi Urrutia arraioztarrak eta Julen Kañamaresek sailkapenean, 21'45"25eko denborarekin. Ikusi hemen sailkapen osoa.

Finala ekainaren 20an

Finala hilaren 20an zezen plazan eginen dute, eta hau da sei bikoteek egin beharko duten lana: Harriarekin 40 altxaldi (bietako batek guttienez 16 altxaldi); giza proban lau plaza egin beharko dituzte, bakoitzak bina; aizkoran lau kanaerdiko ebaki beharko dituzte (bietako batek guttienez erdi bakoitzeko 15 kolpe); txingekin zortzi plaza egin beharko dituzte, bakoitzak launa eta lasterka lau kilometro egin beharko dituzte (bietako batek guttienez 16 buelta).

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun