Eider Bidegain Zubeldia

«Argi genuen aurten Arizkun Rock antolatuko genuela»

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 6a, 10:00
Arizkun Rock jaialdia antolatzen aritzen da Eider Bidegain.

«Inoiz baino lan gehiago» egin ondotik, ekainaren 19rako dena prest dute Arizkun Rock jaialdiko antolatzaileek.

Beharrezkoak diren neurri guztiak hartuta, baina aitzinera egitea erabaki dute. Joan den urtean ez bezala, rock doinuak aditzeko aukera izanen da ekainaren 19an, larunbatean, Arizkunen. 

Noiztik aritzen zara Arizkun Rock antolatzeko lantaldean? Zer dela eta hasi zinen?

2016an, 2017ko edizioa prestatzen. Musika munduak beti sortu izan du nigan interesa eta urte horretan aukera izan nuenez sartu nintzen. Hasieran ez nuen ideiarik ere nola antolatzen ziren horrelako gauzak, baina pixkanaka ikasiz joan naiz. 

«Aurtengo edizioan sartzea mugatua izanen da»

Eider BIDEGAIN, Arizkungo gaztea

Zenbat lagun aritzen zarete eta noiz hasten zarete antolaketa lanekin?

Egia erran lan talde arras ttikia gara, hiru pertsonek antolatzen dugu, baina herriko gazteek laguntzen gaituzte egunean bertan. Jaialdia antolatzen irail-urri aldera hasten gara, denbora behar baita dena ongi pentsatu eta lotzeko.

Nola banatzen dituzue ardurak?

Lan talde ttikia izanik, denen artean egiten dugu dena. Momentuko beharren arabera antolatzen gara. Dena denen artean egitea aberasgarria dela uste dugu, ikasteko aukera ematen digulako.

Joan den urtean ez zenuten Arizkun Rock ospatzerik izan… Nola bizi izan zenuen egoera hori?

Azken momentura arte ez genekien zer gertatuko zen eta bertan behera utzi beharra genuela jakitean pena handia hartu genuen. Tristuraz baina indartsu hartu genuen, bertze gauza batzuk egiteko probestu genuen denbora. Dena den, egun horretarako bideo hunkigarri bat egin genuen, denon oroitzapenetan gelditzeko.

Zer da zuretzat egun horretan politena?

Alde batetik guk antolatutako jaialdi ttiki horrekin jendea disfrutatzen ikustea arras polita da. Eta, bertze aldetik, musikari, teknikari, argazkilari… gure artean sortzen den giroa eta harremana berezia da. 

«Egoera honetan kulturari tarte eginen diogulako kontent gaude»

Eider BIDEGAIN, Arizkungo gaztea

Aurten, mugak muga, aitzinera egitea erabaki duzue. Hasieratik argi izan duzue?

Bai, joan den urtekoa bertan behera gelditu zenetik argi genuen aurten eginen genuela. Modu berean ez izan arren, zerbait egin beharra ikusi genuen. Hasieran beldur pixka batekin egin genuen aitzinerat ez genekielako egoera zein izanen zen... Handik eta hemendik informatzen egon ginen, nola antolatu, zer neurri bete beharra genuen… denaren berri izan genuenean antolatzen hasi ginen.

Zein aldaketa egin behar izan dituzue?

Lehengo edizioak beti plazan izan dira, aurten, berriz, frontoian izanen da. Indarrean dauden neurriak errespetatu beharko dira, bakoitza bere aulkian eserita egotea, eskuak garbitzea, segurtasun distantzia mantentzea, musukoa momentu guztian eramatea. Hau dena antolatzeko ordu gehiago sartu behar izan ditugu, baina gustura!

Zenbat sarrera paratu dituzue salgai?

Aurten 120 sarrera inguru jarri ditugu salgai. Aitzineko urteetan ez zegoen sarrerarik, plazan zenez edonor etortzen ahal zen, dohainik zen.

Sarrerak salgai paratu orduko akitu ziren. Erantzun hori espero zenuten?

Alde batetik bai eta bertzetik ez. Jendea gogotsu dagoela erranen nuke baina ez genuen espero ordu guttitan denak akitzea. 

Jende aunitz gelditu da sarrerarik gabe?

Izan dira sarrera gabe gelditu diren pertsonak bai. Pena ematen digu sarrera gehiago ez saltzeak, baina egoera honek aitzinerat egitea nahi badugu, aurten horrela izan beharko du.

«Neurriak errespetatuz gozatzea eskatuko nuke»

Eider BIDEGAIN, Arizkungo gaztea

Gastuak kudeatzeko lan handiagoa egin behar izan duzue? Zertan aldatu da lan hori aurreko urteetatik?

Aurten inoiz baino lan gehiago izan dugu orokorrean, sarrerak salgai jarri behar izan ditugu ez dugulako egunean bertan bertze dirusarrerarik edukiko eta gastu txiki bat behintzat ordaintzeko. Jendeak arras ongi erantzun du, bistan da, sarrerak arratsalde batez akitu ziren.

Nolako giroa espero duzue ekainaren 19an?

Gu behintzat gogotsu gaude eta badakit jendea ere gogotsu dagoela. Nahiz eta eserita izan, giro polita sortuko dela uste dugu. Lagun eta familiakoekin pasatzeko arratsalde goxo bat izatea espero dugu.

Bertze urteetakoa ez bezalakoa izanen da?

Guretzat behintzat berezia izanen da. Bertze modu bateko edizioa izanen da baina kontent gaude horrelako egoeraren aitzinean eskualdean kulturari bultzadatxo bat emanen diogulako. 

Egunean bertan lanean aritzea tokatuko zaizu?

Bai, hor ibiliko naiz. Goizean antolakuntza lanetan ibiliko gara, arratsalderako dena prestatzen. Kontzertuetan ere, beharren bat suertatzen bada, hor egonen gara, baita bideokamerarekin iruditxo batzuk grabatzen ere.

Zer eskatuko zenieke bertaratzen direnei?

Neurriak errespetatzeko denon ongizaterako, lan handia baitago hau dena prestatzen. Baina batez ere musikaz gozatzeko.

Besterik gehitu nahi duzu?

Eskerrak eman nahiko nizkizueke jaialdi hau posible egiten duzuen guztiei, bihotz- bihotzez!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun