Nerea Aizpuru Etxeberria

«Glutenik gabeko postreen eskaintza eskasagatik abiatu dut proiektu hau»

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 6a, 09:00

Pandemiak eragindako egoera garratza goxatzeko helburuz, proiektu bat abiatu berri du Nerea Aizpuru Etxeberriak (Elizondo, 1997).  Glutenarekiko eta laktosarekiko intolerantzia dutenengan pentsatuz sortu du La Glutona txokoa, haiek ere gozoez gozatzeko aukera izan dezaten.

Gozoak gozozale guztientzat

Zeliakoa da Nerea Aizpuru. Aspaldian antzeman zioten glutenarekiko intolerantzia eta ongi ezagutzen ditu horrek eragindako mugak: «haurra nintzelarik inguruko dendetan ez zegoen egun dagoen aukera eta, ondorioz, maiz Iruñera joan behar izaten genuen behar nituen produktuen bila».

«Jendearen nahietara egokitzeko prest nago»

Nerea AIZPURU, Elizondoko gaztea

Gaur-gaurkoz, «zeliakoongan gero eta gehiago pentsatzen dela eta produktu aunitz eta marka aunitzetakoak daudela» uste duen arren, gozogintzan hutsuneak ikusten ditu: «intolerantziadunen gero eta eskakizun handiagoa dago eta  glutenik gabeko gozogintzan, inguruan behitzat, etxean egindako postreetan ez dago aukerarik. Industrialak badaude baina ez da gauza bera».

Horrekin batera, «jende aunitzi laktosak onik egiten ez diola» ikusita, horiei ere erreparatzea erabaki zuen: «batzuek zein bertzeek aukerarik behintzat ez dezaten faltan izan».

Etxea ikasgela, sukaldea praktiketako txoko

Proiektua abiatzerako orduan, bere esperientzia ez ezik, gozogintzarako duen interesa lagun izan du Aizpuruk: «ttikitan, amak etxean postreak egiten zituenean jakin-mina izaten nuen eta haren bueltan ibiltzen nintzen. Gero bakarrik hasi nintzen, eta Batxilergoa egin ondotik betiko galdera ailegatu zen 'eta orain zer?'». Gustuko zuen horri heltzea erabaki zuen: «gozogintzaren bidetik jo nuen. Han eta hemen begira aritu ondotik, gozogintzan espezializatutako ikasketak on-line harrapatu nituen eta azkenean horixe egitea erabaki nuen. Lau urtez ikasten aritu nintzen». Etxea ikasgela eta sukaldea praktiketako txoko bihurtuta, «gustura aski» ibili zen Aizpuru: «bitxia dirudien arren aski emankorrak izan ziren ikasketak eta bide hori egiazki gustuko nuela ohartu nintzen». 

Jendearen nahietara egokitzeko prest

Oraindik ere ikasten eta trebatzen segitzen du elizondoarrak, bide hori inoiz ez dela akitzen sinetsita: «ahal dudan guztietan han eta hemen ikusten ditudan errezetak hartu, neure ukitua eman eta probatzen aritzen naiz». Etsi gabe, pazientziaz eta goxotasunez egiten du lan: «ez bada ateratzen, hurrengoan berriz saiatzen naiz. Horrelaxe aritzen naiz, lortu arte».

«Norberak nahi duen hori nahi duen modura egiteko prestutasunak» egiten du bereizgarri Aizpururen lana: «izan laktosarik, glutenik edo azukrerik gabe... edozertara egokitzen ditut jendearen eskaerak eta, noski, bertzelakoetan espezializatu nahi dudan arren, glutendunak eta laktosadun postreak ere egiten ditut».

«Gero eta gehiago erreparatzen zaie intolerantziei baina...»

Nerea AIZPURU, Elizondoko gaztea

«Laktosarik eta glutenik gabeko cookiak, azukrerik gabeak, magdalenak, bizkotxoak, azenario tarta, euskal pastelak, browniak, urtebetetzetarako tarta pertsonalizatuak...» eskaini ditu: «esne-gain, krema, txokolatez... beteak». Hala ere, probatu eta eskatu ahala, gehiago eskaintzeko asmoa ere baduela jakinarazi du: «gerora eskaintza zabalduko dut, pixkanaka hasi naiz...».

Kontent dago jendeak izan duen erantzunarekin: «berehala galdetu zidaten ea non nagoen eta eskaerak egiten hasi zitzaizkidan...». Eta babes hori sustengu izan du lehenbiziko urratsean: «ez nuen espero eta aitzinera egiteko gogotsu egoten lagundu dit...».

Gozotegi bat irekitzea amets

Etxetik ari da, eta formatu txikian ekin du bidea: «Malkorran lan egiteko zortea izan dut urte eta erdiz eta arront gustura aritu naiz, aunitz ikasi dut. Azken batean pandemiak eragindako egoeraren ondorioz lanik gabe gelditu nintzen eta aspaldian nuen ideia horri heltzeko momentua zela ikusi nuen».

Gozotegiko funtzionamendua ikusteak «aunitz ikusteko eta ikasteko» aukera eman dio, eta nork daki... «erantzunaren arabera, epe luzeagoan halako proiektu handiagoren bat etorriko da... Denborak erranen du». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun