Uxue Ballarena

«Musukoa eramatean jendeak gaizki begiratzen ninduen»

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 5a, 09:00

Arte gradua ikasten ari da Uxue Ballarena iruritarra eta Erasmus programarekin, Letoniara joan da 2020/21 ikasturtean.

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

Ameslaria eta bidaiaria den iruritar alaia.

Zeintzuk dira zure zaletasunak?

Irakurtzea, bidaiatzea eta eskulanak egitea gehienbat.

Zer ari zara ikasten?

Arte graduko 3. urtea ikasten ari naiz Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioako Arte Ederretako fakultatean.

Aurten Erasmus programarekin Letoniara joan zara ikastera. Zergatik harat?

Bai, Letoniako Arte Akademian nago. Egia erran, plaza hori onartzen ez banuen, Erasmusera joateko aukerarik galtzeko posibilitate aunitz nituen, eta pausoa ematea erabaki nuen.

Zer izan zen Rigara ailegatzean gehien harritu zintuena?

Musukoa eramaterakoan jendeak gaizki begiratzen ninduela. Bizitza normala egiten zuten han (kurtso hasieran, gaur egun ez).

Desberdintasun kultural handia nabaritu duzu?

Artista bezala, kulturaren sustapenak aunitz harritu nau. Hainbertze museotara sartu ahal izan naiz gutti edo ja ordaindu gabe. Ingeles maila ere arras ona da orokorrean eta erraza da komunikatzea.

Eta klaseak ematerakoan?

Unibertsitateko irakasleak ez dira jende arrunta, nire pisukide baten irakaslea Letoniako ministro ohia da eta nire pinturako irakaslea ere ezaguna da hemen. Gainera, ikasle kopurua ttikiagoa daukate klase bakoitzeko eta askatasun handia ematen dute sortzerako orduan.

Tenperaturak hotzagoak izanen dira han, ezta?

Dudarik gabe. Neguan, egun hotzenetan -25°Ctan egon gara. Orain beroxeago, baina Baztanen antzera.

Zein da koronabirusaren egoera han?

Aipatu bezala, irailean eta urrian musukoa eramaten bazenuen, gaizki begiratzen zizuten. Orain, berriz, leku itxietan derrigorrezkoa da, kanpoan ez. Ostalaritza zazpi hilabetez itxita egon da, maiatzean ireki dute. Orain txertaketa masiboa egiten hasi dira eta nahi duen edonork eskatzen ahal du. Nik ordua hartu dut dagoeneko, baina jendeak beldurra dio eta ez du txertatu nahi.

Zeren falta sumatu duzu gehien?

Eguraldi ona, lagunak eta familia gehienbat.

Noiz bueltatuko zara?

Ekain bukaeran itzuliko naiz eta egia erran kristoren gogoak ditut Baztanera joateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun