Maiatzaren 30ean, igandean, jokatu zen Berroetako Mendi Maratoi Erdian guztira 360 lasterkarik baino gehiagok parte hartu zuten. Koronabirusaren aitzinean, indarrean dauden neurri guztiak bete zituzten eta, bertzeak bertze, abiatzeak multzotan banatu zituzten.

Gizonezkoetan Joseba Larralde beratarra, txirrindulari ohia eta 2013an mendi lasterketako irabazlea izan zena, nagusitu zen. Guztira 01:51:05 behar izan zituen ibilbidea osatzeko eta Alvaro Ramosi, txapeldunordeari, azken esprintean zazpi segundoko aldea baino ez zion atera (01:51:12). Gizonezkoen podioaren hirugarren koskan Beñat Etxabe Leturia bergararra izan zen (01:52:24).
Emakumezkoetan Iruñeko Maria Ordoñez, Nafarroako trailrunning irabazlea, nagusitu zen (02:09:23). Bortz minutu pasatxoko aldea atera zion Ainara Alcuaz Rodriguez iruindarrari (02:14:47). Hirugarren izan zen Enara Oronoz Mateo (Iruñea), 02:20:24 denborarekin.

Berroeta-Saioa-Berroeta ibilbidea egin zutenen artean eskualdeko hainbat herritar izan ziren: Unai Iantzi Maritorena herritarra (sailkapen nagusian 15.a), Azpilkuetako Unai Barazabal Erasun, Arantzako Asier Apezetxea Iparragirre, Berako Joseba Lasarte Pellejero (beteranoen artean laugarrena) eta Imanol Endara Irigoyen, Elizondoko Endika Eugi Goñi, Leitzako Beñat Saralegi Izagirre, Berako Iñigo Lasaga Arburua, Lesakako Ana Reina Arjona (beteranoen artean bigarrena), Berako Ainhoa Etxegarai Elgorriaga... Ikusi sailkapen osoa eta bakoitzaren denborak hemen.

Kluben tituluak
Nafarroako Mendi eta Eskalada kirolen Federazioak egun eguzkitsuarekin banatu zituen XI. Nafarroako Lasterketa Kluben tituluak. Lasterketak ikusmira handia eragin zuen lasterkarien arteko norgehiagokagatik.
Gizonezkoetan A4'xKm kluba izan zen irabazlea (txapeldunorde izan zen Alvaro Ramos, Asier Labairu –seigarrena– eta Javier Lizarraga –hamargarrena–). Txurregi izan zen txapeldunorde (Mikel Beunza –bederatzigarrena–, Aritz Sardina –hamaikagarrena– eta Sergio Aramendia –hogeitalaugarrena–), Txantrea Trail klubari tarte txikia aterata.

Emakumezkoetan Txurregi eta Hiru Herriren artean ere ez zen alde handirik izan, nahiz eta Txurregi nagusitu zen (Maria Ordoñez –irabazlea–, Enara Oronoz –hirugarrena– eta Ainhoa Ancizu –hamaikagarrena– izan ziren). Hiru Herri izan zen bigarren (Ainara Alcuaz txapeldunordea eta Irene Artazcoz laugarren izan ziren). Azkenik, hirugarren postua Sarbil Etxauribarrentzat izan zen.