Omenaldi xalo bezain hunkigarria egin diote Ana Mari Marin zenari Elizondon

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 31a, 09:00

Jendez gainezka zegoen Arizkunenea kultur etxeko ganbaran omenaldia  eskaini zioten joan den ortziralean Ana Mari Marin zenari. Ciga Fundazioko presidente den Pello Fernandez Oiaregiren erranetan, «omenaldi xalo bezain hunkigarria izan zen. «Bihotzetik» egindako emanaldia izan zela aipatu zuen Salvador Martin Cruz arte kritikariak. Izan ere, «Ana Mari Marinek ere bihotzetik» margotzen zuela aipatu zuen. Lander Santamariak Baztanen eta Elizondoren alde Marinek egindako lana azpimarratu zuen eta Pilar Oteiza, Jorge Oteiza zenaren arrebak idatzitako eskutitza irakurri zuen. Ana Mari Marinen ahizpak, Maria Jose Marinek ere parte hartu zuen omenaldian. Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Elizondoko ekitaldiaren ondotik, Iruñean ekainaren 9an eginen diote omenaldia margolariari Kasinoan.

Ana Mari Marin Baztan-Bidasoako margolari garrantzitsuenetariko bat izan zen. Olio zein akuarelaz margo faubista, espresionista eta bitalistak pintatu zituen. Baina pinturaz gain, eragin handiko emakumea izan zen eskualdean kulturalki, sozialki eta politikoki. Joan den urteko abuztuan hil zen Ana Mari Marin, 87 urte zituela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun