Baztango Udalak irisgarritasuna eta energia eraginkortasuna hobetezeko 173.441 euro inbertituko ditu

Ttipi-Ttapa 2021eko maiatzaren 28a

Elizondo eta Iruritako karriketan irisgarritasuna hobetzeko 48.391,61 euro inbertituko dituzte.

Bertzeak bertze Elizondo eta Iruritako karriketan irisgarritasuna hobetuko dute, Azpilkueta eta Iruritako errebote eskolako eta musika eskoletako leihoak moldatuko dituzte eta Elizondoko eskolako teilatuan autokontsumo partekatuko eguzki plakak paratuko dituzte.

Nafarroako Gobernuak tokiko ekonomia sustatzeko inbertsioetarako kapital-transferentzien aparteko funtsa baliatuz, Baztango Udalak 173.441,68 euroko inbertsioak onartu ditu, irisgarritasuna eta energia eraginkortasuna hobetzeko. Horrela, atzo, maiatzaren 27an egin zen osoko bilkuran gobernu taldearen proposamenak alderdi guztien babesa izan zuen eta aurrekontu moldaketak aho batez onartu ziren. 

Onartutako aurrekontu moldaketekin, hainbat inbertsio egitea aurreikusi dute. Batetik, Balleko Etxearen azpiko aldeko komuna gurpil-aulkiak ere ibili ahal izateko 23.518,79 euro bideratuko dituzte. Elizondo eta Iruritako karriketan irisgarritasuna hobetzeko 48.391,61 euro inbertitzea aurreikusi dute eta, modu horretan, hamaika tokitan espaloitik jautsi eta igateko arrapalak eginen dituzte.

Bertzalde, Elizondoko Giltxaurdiko zubiaren alde bateko espaloia zabalduko dute 1,20 metrotara ailegatu artio, 147 metroko luzeran. Modu berean, Elizondon Gloriako bidegurutzetik lehengo letxeri aldera 147 metroko espaloi berria eginen da 1,20 eta 1,50 metroko zabaldura artiokoa. Eta Iruritako plazaren ondoan dagoen iturriko zoladura ere berrituko da.

Honen guztiaren helburua oinezkoen segurtasun bermatzea da eta jende guztiek espaloi horiek erabili ahal izatea, bereziki adinekoek, gurpil-aulkiarekin, haurren orgattoarekin ibiltzen direnak...

Azkenik, Azpilkueta eta Iruritako Errebote Plazako eskolako eta musika eskolako leihoetako kanpoko arotzeria aldatzeko eta energia eraginkortasuna hobetzeko 40.801,81 euro; Elizondoko eskolako teilatuan autokontsumo partekatuko eguzki plakak paratzeko 48.284,38 euro; eta Giltxaurdi kirol instalazioetako parkinean auto elektrikoak kargatzeko puntua paratzeko 12.445,09 euro inbertituko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun