Nafarroako erremonte txapelketak Baztanen izanen ditu geltokiak asteburu honetan

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 27a, 16:00

Xanti Uterga doneztebarra pilota astintzen joan den ortziralean Beran.

Ortziralean Iruritan eta larunbatean Erratzun jokatuko dituzte final laurdenetako ligaxkako partidak

Nafarroako txapelketako final laurdenetako ligaxka joan den asteburuan hasi zen Beran eta hurrengo bi jaialdiak ere eskualdean izanen dira, Iruritan maiatzaren 28an eta Erratzun maiatzaren 29an. Ortziralean 19:00etan Iruritako Aranabian jokatuko den jardunaldian, Zeberio II.a eta Ion, Uterga eta Otano eta Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra eta Barricart ariko dira. Larunbatean 18:00etan Erratzuko Etxelebert pilotalekuan, Zeberio II.a eta Ion, Aldabe eta Aimar Saldias oiztarra eta saihets hezurra hautsia duen Otxandorenaren ordez ariko den Matxin III.a eta Azpiroz ariko dira.

Aipatzekoa da Irurita eta Erratzuko jaialdietara sartzeko, bertze guztietan bezala, 5 euro eskatuko direla sarreran eta dena oso-osorik Adano elkartera bideratuko dute.

Donezteben, berriz, ekainaren 11n jokatuko dute. Fase honetako bertze partidak Peraltan, Artaxonan, Lekunberrin, Ezkarozen, Agoitzen eta Altsasun jokatuko dituzte uztailaren 23ra bitarte. Ondotik finalerdietako ligaxka binaka jokatuko dute Burlatan, Lekunberrin, Andosillan, Tafallan, Garesen eta Lizarran eta finala Zubirin. Denera, Nafarroako hamazazpi herritara ailegatuko da erremontea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun