Bizitegia alokairuan hartzeko bailaran dagoen beharra ezagutu nahi du Baztango udalak eta horretarako inkesta egiten ari da telematikoki. Erantzunak ereiaroaren 3 artio ematen ahal dira, egun hori barne. Datu horiekin alokairuko bizitegien eskaintza hobe zehazten ahalko du Nasuvinsak, Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoak.
Azkeneko aldian bizitegia alokairuan hartzeko eskaria aunitz handitu da Baztanen, baina eskaintza eskasa da eta horrek, bizitegia izateko zailtasunak ekarri ditu: bereziki gazteendako, aldi baterako heldu diren profesionalendako eta migratzaileendako. Helburua da bizitegi duina izateko oinarrizko eskubidea bermatzeko bidean ekintza zehatzak egitea eta, horretarako, informazio ahalik zehatzena izatea.
2017an iduriko bertze galdetegia egin zuen udalak, orduan ere Nasuvinsarekin elkarlanean, Iruritako Sagues berritzeko egon zitekeen alokairuko eskaria neurtzeko. Oraingoan berriz, galdetegiak helburu zabalagoa du eta orduko datuak eguneratu eta horietan sakontzeko balioko du. Betiere, bizitegiaren beharrari buruz, hutsik dauden bizitegiak mugiarazteko ahaleginean ari dira administrazioak, azkeneko aldian. Horren haritik, Nasuvinsa elkarteak Nafarroako herri kozkorrenetan egindako azterketa zehatzari esker Elizondon 64 bizitegi hutsik daudela segurua da.
Gainerakoan datu orokorragoak kontuan hartuta eta zehaztasun gehiagoren faltan, Nafarroako Estatistika Erakundearen arabera bailaran 1603 bizitegi hutsik daude edo bigarren bizitegiak dira. Horrela, aipagarria da bizitegiak alokairuan emateko Nasuvinsak sortu zuen alokairu poltsa, zeinean Udalak hasieratik parte hartu baitzuen.
Joseba Otondo Baztango alkateak gaur egindako agerraldian aipatu duenez, «dauden etxeak bizitegitarako erabiltzea lehentasunezkoa da, iraunkorragoa baita daudenak erabiltzea eta, behar izanez gero zahar berritzea berriak eraiki beharrean»
Horregatik herritarrak inkestan parte hartzera animatu nahi dituzte, bi minutu bertzerik ez ditu beharko.