Baztango liburutegiak 50 urte bete ditu

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 26a, 15:00
Ines Zayas, Maria Angeles Arraztoa eta Sonia Lopez, hiru liburuzainak.

Liburutegiak mende erdia bete duela ospatzeko, bertako liburuzainak, udaletxeko zinegotziak eta gobernuko ordezkariak elkartu ziren astelehen arratsaldean ekitaldi xume bezain ederra egiteko.

1971ko maiatzaren 24ean 19:00etan ireki zuten Baztango liburutegia. Geroztik, hiru kokaleku, hiru liburuzain eta milaka liburu izan ditu herritarren eskura. Egun berezi hau ospatzeko elkartu ziren astelehenean bertan lan egindako hiru liburuzainak; Maria Angeles Arraztoa, Ines Zayas eta Sonia Lopez. Haiekin batera, Nafarroako Liburutegi Sareko Clara Flamarique, Joseba Otondo alkatea, Mari Jose Garmendia kultura zinegotzia eta Anastasio Nagore eta Ruben Ziganda hautetsiak bertan izan ziren.

Liburutegiaren inguruko bizipenak kontatu zituzten ekitaldian, eta Mattin Maiora elizondoarrak Zorionak zuri kantua jo zuen akordeoiarekin. Akitzeko, liburuzainek lore sorta bana jaso zuten, Baztango kulturaren alde egindakoa eskertuz.

Argazkiak: J. M. Ondikol

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun