Alde batetik, baikor mintzatu da maiatzaren 15eko manifestazioak izandako erantzunarekin, «manifestazioaren arrakastak gure borrokaren zilegitasuna eta indarra berresten duela» uste baitu. «Baztanen egin den manifestaziorik jendetsuena izan zela» oroitarazi du eta hala, «nabarmen gelditu da, berriz ere, herri honek ez duela proiektu hau nahi eta prest dagoela gelditzeko lanean segitzeko».
Aroztak-eko kideek esker oneko hitzak ere izan dituzte oharrean eta «hori posible egin duten herritar guztiak eskertu» nahi izan dituzte. Sinetsita daude, «bertze bide guztiak agortu diren momentu honetan, karrikak, oihanak eta belaiak hartzea dela bide bakarra, Palacio de Arozteguia S.L. eta kudeatzaile lanetan dabiltzan ordezkari politiko guztiak UGEP hau (Udalez Gaindiko Eragina duen Plana) bertan behera uztera behartzeko». Gisa berean, «herria mintzatu» dela eta «herritarren nahia betetzea gobernuari dagokiola» gaineratu dute.
Jazarpenarekin kritiko
Baina bertzetik, jazarpen judiziala eta poliziala ere salatu dituzte. «Zoritxarrez, enpresaren zein gobernuaren joera inposatzaileari jarraikiz, erantzuna berriz ere jazarpen judiziala eta poliziala izan da», adierazi dute. «Aroztegiko egitasmoaren aurka lanean aritutako hamar kide polizia etxean deklaratzera deituak izan dira». Bertzeak bertze, «gure ingurua xehatu, herri lurrak zein bertako nekazarien lurrak bereganatu eta gure bizimodua suntsitu nahi duten horiei, kalte psikologikoak eragin zaizkiela leporatu» diete. Aroztak-ekoek, ordea, salaketa horiek «gezurrez betetako txosten polizial batean oinarrituak» direla diote, eta «gure duintasunaren eta etorkizunaren alde borroka hau kriminalizatu nahi dutela» kritikatu dute.
Hala ere, «argi» utzi dute «ez gaituztela isilduko eta ez gaituztela geldituko». Hori horrela, «errepresioarekin gibelerat pausoa eman behar genuela uste zuten horiei gure borrokarekin segituko dugula» jakinarazi nahi izan diete, «Aroztegiko UGEPa bertan behera gelditu arte».
Bertzetik, ondoko asteetan Euskal Herrian barna ibiliko direla ere adierazi dute, «gure borrokaren berri ematen eta gure sareak sendotzen».