Jaione Bengotxea Agerrebere

«Pozgarria da jendeak nik eginiko pastelak gustuko dituela ikustea»

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 30a, 09:00
Etxeko arrautzekin eta maitasunez egiten ditu euskal pastelak Bengotxeak.

Euskal pastelak egiten trebea da Jaione Bengotxea Agerrebere (Erratzu, 1975). Orain arte etxekoentzat egiten zituen eta orain azoketan saltzen hasia da.

Sukaldea da Jaione Bengotxea Agerrebererentzat (Erratzu, 1975) etxeko txoko kuttuna. Ez da oraingoa horrekiko duen lotura. Gazte-gazterik, bi urtez Oronoz-Mugairiko eskolan aritu ondotik, argi ikusi zuen bere bidea eta «Burlatara jo nuen sukaldaritza eskolara, han bi urte egin nituen». Titulurik gabe, baina tituludunak bertze zekiela, lanera jo behar izan zuen gero: «Burlatan bertan haurtzain aritu zen hamar- hamaika urtez».

Hamarkada bat pasatuagatik, sukalderako grina ez zitzaion itzali Bengotxeari eta ibilbide hori berrartuz, Dantxarinera jo zuen gero: «bi urtez gurasoen etxean bizitzen eta bertan lanean aritu nintzen». Gurasoen etxetik atera nahirik, Elizondon bizi izan zen: «berriz ere haurrekin aritu nintzen lanean». Lana non, hara jo izan du erratzuarrak beti: «ondotik Ibardinen lana harrapatu nuenez Berara joan nintzen bizitzera».

Urte batzuez han aritzeak aunitz ikasteko aukera eman zion. Bertzeak bertze, hantxe ikasi zuen gaur egun egiten dituen euskal pastelak egiten: «Arantzako Alfontso Etxeberriak, sukaldari nagusiak, erakutsi zidan egiten. Gerora osagai batzuk kendu nizkion, nire ukitua emateko». Herrira bueltatzeko nahia lagun, Erratzurat jo zuelarik, berarekin ongi gordeak eraman zituen hango ikaspenak: «aunitz ikasi nuen berarekin, nire maisua bera izan da». 

Etxetik lanera eta lanetik azoketara

Gurasoen etxean, baserrian, du bere txokoa egun: «beheko aldean etxebizitza egin nuen eta Izpegiko benta batean hasi nintzen lanean. 09:00etatik 15:00 edo 15:30 arte egiten dut lan, astean bortz egunez». Hantxe hasi zen euskal pastelak egiten: «postretarako eta ostatuan kafearekin jateko egiten nituen eta arras onak zirela erraten hasi zitzaizkidan. Iparraldeko bezeroak izaten ditugu eta han ohikoa den postrea izanik, pozgarria izan zen haiek hori erratea…».

Anaiaren, koinatuaren eta aitaren pausoei segika, herrian eta inguruan egiten diren artisau azoketan saltzen hasi zen: «haiek sagar zukua eta sagardoa egin eta saltzen dute, Erratzun bereziki. Eurek animatuta, eta lankide batek ere behin eta berriz erran ondotik, euskal pastelak egin eta postuan paratzen hasi nintzen».

Joan den urteko udan eman zuen pausoa: «batzuk egiten nituen eta denak saltzen ziren…». Berak egindakoak izanagatik, normalean, azoketan ez da bera egoten: «sukaldaria izanik asteburuetan lana izaten dut. Beraz, nik ezin dudanean ahizpak, ilobak edo familiakoek laguntzen didate. Haiek animatuta eta lagunduta izan ez balitz ez nituzke eginen, arras eskertuta nago».

Kontent dago bere postreak izan duen harrerarekin. Gainera, jendeak gustukoak izateaz gain, saltzen ez dituen guti horiendako aterabidea izaten du eta ez du deus hondatzen: «soberan izanez gero lanera eramaten ditut». 

Maitasuna, punta-puntako osagaia

Lanean eta lanetik kanpo, kozinatzen denbora aunitz pasatzen du Bengoetxeak, baina euskal pastelak egitea berarendako ez da lana: «etxeko labean binaka egiten ditut eta, pentsa azoka baterako 22 bat pastel egiteko zenbat denbora behar izaten dudan. Hala ere ez zait inporta, maite dut…». Edozein modutan, martxa baduela ikusirik, bertze labe bat erostea erabaki du: «industriala erosi dut eta bederatzi sartzen zaizkit. Pentsa zer nolako aldaketa!».

Sukaldeko saltsa ez ezik, natura eta animaliak ere badira Bengotxearen egunerokoaren zati: «ahateak, oiloak, usoak, usapalak… zaintzen ditut». Eta aspertzeko denborarik ez duen arren, «arras kontent» dago bere bizimoduarekin. Gehiago ere bada. Batean egindakoak bertzerako baliatzeak elkar elikatzeko aukera ematen dio: «pastelak egiteko etxeko arrautzak erabiltzen ditut». Etxeko arrautzek eta berak jarritako «maitasunak» egiten dute berezi erratzuarraren euskal pastela eta, akaso, horixe izan da izan duten arrakastaren arrazoia. Hasieran harriduraz hartu zituen jendearen lausenguak ez zuelako halako erantzunik espero.

Hara nola diren kontuak. Batean eta bertzean ibili ondotik, habira bueltatzean, kanpoan ikasitakoa baliatuz, etxe atarian inon eta inoiz ez bezala sentitu eta bizitzeko modua harrapatu du Bengotxeak. Orain, lantegi bihurtzea du amets, «baina momentuz zaletasuna bertzerik ez da…».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun