Asteburuan Tolosan eginen den pentatloian parte hartuko du Xabi Urrutia arraioztarrak

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 25a, 15:00

II. Binakako Euskal Pentatloia martxan da, eta gizonezkoen kanporaketa saioa izanen dute maiatzaren 29an Tolosako zezen-plazan 18:00etan.

12 bikote osatu dituzte gizonezkoen kategorian guztira, kanporaketa saioan lehiatuko direnak finalera ailegatzeko. Julen Kañamares bikotearekin batera, bertan parte hartuko du Xabi Urrutia arraioztarrak. Hauek dira parte hartuko duten gizonezkoen bikote guztiak:

  1. Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a - Jexuxmari Iruretagoiena Izeta III.a
  2. Beñat Amade - Aritz Irazabal
  3. Jagoba Otaegi - Luis Txapartegi 
  4. Iñaki Errazkin - Aratz Mugertza 
  5. Kepa Peñagarikano - Gorka Etxeberria 
  6. Oussman Drame - Mikel Agirre
  7. Dani España - Julio Jimenez
  8. Jon Unanue Goenatxo III.a - Mikel Larrañaga 
  9. Jon Gisasola Zelai V.a - Ioritz Gisasola Zelai IV.a
  10. Xabi Urrutia - Julen Kañamares
  11. Aitzol Atutxa - Inhar Urruzono
  12. Tubi Bustinza - Jokin Eizmendi

Pandemia egoera dela-eta, publikorik gabeko saioa izanen da, baina probaz betea: harriarekin 20 altxaldi egin beharko dituzte (bietako batek guttienez zortzi altxaldi); giza proban bi plaza egin beharko dituzte, bakoitzak bana; aizkoran bi kanaerdiko ebaki beharko dituzte (bietako batek guttienez erdi bakoitzeko 15 kolpe); txingekin sei plaza egin beharko dituzte, bakoitzak hiruna eta lasterka bi kilometro egin beharko dituzte (bietako batek guttienez zortzi buelta). Sei bikote sailkatuko dira finalera.

Emakumezkoen kategorian, berriz, hiru bikote izanen dira lehian aurtengo pentatloian:

  1. Karmele Gisasola Zelai III.a - Uxue Ansorregi
  2.  Garazi Arruti - Lucia Orbe
  3. Claudia Lucia Muñoz - Julia Martinez

Finala ekainaren 20an

Finala ere Tolosako zezen plazan eginen dute, eta hau da partaideek egin beharko duten lana: Harriarekin 40 altxaldi (bietako batek guttienez 16 altxaldi); giza proban lau plaza egin beharko dituzte, bakoitzak bina; aizkoran lau kanaerdiko ebaki beharko dituzte (bietako batek guttienez erdi bakoitzeko 15 kolpe); txingekin zortzi plaza egin beharko dituzte, bakoitzak launa eta lasterka lau kilometro egin beharko dituzte (bietako batek guttienez 16 buelta). ETBen emanen dituzte kanporaketa eta finala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun