Enaitz Anso Etxandi

«Frontoia bigarren etxea da niretako, gustura sentitzen naiz»

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 29a, 11:00

Kirolzalea eta kirolaria da Enaitz Anso Etxandi (Oronoz-Mugairi, 1998). Mugimenduan beti ongi sentitzen den arren, «ehiza eta frontoiko kirolak» dira bereziki gustuko dituenak. Pilota sakelan duela ibili da ttiki-ttikitatik eta haurtzarotik jo izan du frontoira. Ongi oroitzen ditu pilotaren mundurantz eman zituen lehenbiziko pausoak: «Arraiozko izebarekin, bizpahiru urte baino ez nituelarik, frontoira joaten nintzen...».

Horrez gain, aitak ere zaletasuna sendotzen lagundu dio: «ttikitatik entrenatu izan dut berarekin eta entrenamendu eta partidetara eraman nau beti. Bera gaztea zenean pilotan aritzen zen eta hori erakutsi dit...». Gaur egun pilota haurtzaroko jolasa baino gehiago da Oronoz- Mugairiko gaztearentzat, hitz guttitan, «bizitzako zati handi bat». Izan ere, lanetik kanpoko denboran «entrenamenduak asteburuetako partidei begira egiten ditut eta horretan disfrutatzen dut gehien».  

«Laso eta Mariezkurrenaren kontrako finala berezia izan da»

Enaitz ANSO ETXANDI, Oronoz-Mugairiko gaztea

Garaipenenak

Aspaldi hasi zen pilota entrenamenduetara joaten pilotari oronoztarra eta «ttiki-ttikitakoak kontatuz gero 40 bat txapel» irabazi ditu. Edozein modutan, argi dio «gero eta gehiago» kostatzen dela txapel bat eskuratzea. Jantzi duen azkena berriki jokatu duten Josetxo Ezkurra memorialekoa izan da, Oier Ariztegi lekaroztarraren kontra jokatu zuenekoa. Egun horretako oroitzapen polita du: «berotzen hasi nintzen momentutik sentsazio onak izan nituen eta partidan ere halaxe segitu nuen. Dena ongi atera zitzaidan eta uste baino errazago irabazi nuen». Ahoan irribarre zabala zuela jantzi zuen txapela, berarentzat «asteroko lanaren ikur» delako. 

Memorial berean finaleraino ailegatu zen orain hiruzpalau urte, baina orduko hartan Josu Eskiroz gailendu zitzaion: «Josu Eskirozen kontra aritu nintzen bera debutatzear zegoela eta hark irabazi egin zidan, 18-14 oker ez banaiz».

Aurkari ez ezik, bikote ere izan du Eskiroz, eta hori ez du atzendu, «berarekin irabazi dudan partida garrantzitsuenetako bat» balitz bezala oroitzen duelako: «2016ko Muebles Polque txapelketa izan zen, jubenil mailan».

Berriki Nafarroako txapelketan ere berekin parte hartu du, eta finala galdu arren «bereziena» izan dela erranen luke: «profesional bat bikote nuela eta bi profesionalen kontra, Laso-Mariezkurrenaren kontra, jokatu dudalako. Aunitz gozatu dut txapelketa horretan».

Orain, berriz, Irurtzungo txapelketan murgilduta dabil eta «bikote arras gogorrak eta maila haundia» dagoela nabarmendu du. Joera hori bera ikusi du pilotaren munduan azken urteetan: «maila dezente igo da kirol guztietan, jendea arras prestatua dago, lehen baino aukera eta jakintza gehiago baitago». 

«Neure buruarekin arras zorrotza eta lehiakorra naiz»

Enaitz ANSO ETXANDI, Oronoz-Mugairiko gaztea

Pilotaz gozatu, goiti begiratu gabe

Garaipenak eskuratzeko entrenatzea da gakoa eta hori lanarekin uztartzen du Enaitz Ansok: «azken bortz urteetan Burlatan entrenatzen dut Alberto Belokirekin, astean bitan joaten naiz». Horrez gain,  baditu frontoian onuragarri gerta daitezkeen bertze alde on batzuk: «arras lehiakorra eta zorrotza naiz neure buruarekin, egiten dudana ongi egitea gustatzen zait».

Aurrelaria da, «arriskatzea» gustatzen zaion horietakoa eta jokoari bizitasuna ematen dienetakoa. Baina, horrek, aldi berean, lantzea ere eskatzen du: «arriskutan sartzeak tantoa galtzeko aukera dakar eta akats horiek zuzentzea da egiteke dudan lanetako bat».

Edozein modutan, pilota «zaletasuna» da berarentzat eta helburu nagusia «gozatzea eta ongi pasatzea» duela nabarmendu du: «gaztetan beti dago goiti ailegatzeko ilusioa edo esperantza baina gutik dute pilotatik bizitzeko aukera hori. Nagoen tokian kontent nago, frontoia bigarren etxea da niretzat, gustura sentitzen naiz». 

Koronabirusaren ondorioak

Lanak eta pilotak uzten dion tarte ttikia lagunekin egoteko eta parranda egiteko baliatu izan du Ansok: «dena egiteko denbora dago eta partida dudanean ez zait bertze gauzak uztea inporta». Gainera, azken aldian  bizi dugun egoerak bestaren tentaldian erortzeko arriskutik urruti utzi du gaztea. Aldi berean, pilotari gisa, ondoriorik eragin dio: «entrenamenduak maskararekin egin behar izaten ditugu eta ezin gara aldageletan dutxatu. Gainera, jokatu ditugun txapelketak –estatu mailakoa salbu– Nafarroako pilotarien artean izan dira. Faltan sumatzen da bertze txapelketa batzuk jokatzea». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun